238 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Donostian asteburuan
Donostiako intzidentzia metatua 606,39koa da, eta gora egiten jarraitzen du. Intzidentzia metatuak gora egin du zortzi osasun eremutan, eta Aieten, Ondarretan eta Loiolan behera egin du.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 238 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Donostian ostiraletik igandera: 81 kasu positibo ostiralean, 59 kasu larunbatean, eta 98, berriz, atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 606,39koa da, eta gora egiten jarraitzen du. Izan ere, 566,91koa zen intzidentzia metatua ostiralean, 535,11koa zen ostegunean, eta 517,57koa asteazkenean. Donostiak 400eko intzidentzia metatua gainditu duenez, Donostia perimetralki itxi zuten aurreko astean.
Ondorioz, pasa den asteartetik aurrera Donostiako mugak itxita daude, eta zenbait neurri murriztaile daude indarrean. Batetik, ostalaritzaren barnealdeko ordutegia murriztu dute: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era baino ezin da tabernen eta jatetxeen barruan egon. Bestetik, apustu-etxeek ostalaritza zerbitzua barruan baino ezin dute eman, zehaztutako ordutegietan. Gainera, ezin dira lau pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, baina kirolari profesionalak eta federatuak neurri horretatik salbuetsita daude. Aldagelak eta dutxak itxita daude; igerilekuetan %35eko pertsona kopurua onartzen dute, eta dutxak bakarka erabili ahal dituzte. Donostia itxita badago ere, inguruko udalerrietara joateko aukera dago erosketak egiteko edo aire libreko kirola praktikatzeko.
Gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitzen dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan –kanpoaldean, soilik–. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak gora egin du zortzi osasun eremutan, eta Aieten, Ondarretan eta Loiolan behera egin du:
- Egia: 845,39
- Parte Zaharra: 650,29
- Amara Berri: 599,94
- Gros: 584,22
- Ondarreta: 537,80
- Altza-Roteta: 489,92
- Bidebieta: 485,64
- Aiete: 473,29
- Amara-Erdialdea: 470,07
- Intxaurrondo: 438,14
- Loiola: 367,95
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 18
- Gros: 13
- Egia: 11
- Altza-Roteta: 10
- Ondarreta: 10
- Parte Zaharra: 8
- Amara-Erdialdea: 7
- Intxaurrondo: 6
- Bidebieta: 4
- Loiola: 1
- Aiete: 0