Ondarretako La Sirena udal aterpetxeko horma irudia amaitu dute
Ondarretako La Sirena udal aterpetxeko horma irudia ikusgai dago jada, GEROarte kolektiboko Claudia Pennese arkitektoak eta Iñigo Hernandez artistak azken ukituak eman ostean. Donostiako historia eta emakumeen ahalduntzea elkartzen ditu horma irudiak, lamia baten irudia jostun batzuen irudiekin uztartu baitituzte. Lamiak aterpetxearen izenari egiten dio erreferentzia –La Sirena–, eta jostunek, aldiz, eraikinaren historiari; 1970eko hamarkadara arte kortse lantegi bat izan zen.
Donostiako Udaleko Gazteria sailak sustaturiko egitasmoa da, hiriko gazteekin komunikazioa eta harremanak errazteko helburuarekin sortutakoa. Horretaz gain, aterpetxearen ingurua puntu kritikotzat du udalak, haren ezaugarriengatik ez baita segurua emakumeentzat. Horregatik, horma irudiaren bidez, memoria historiko feminista berreskuratu nahi izan ditu udalak.
Hedabide honek Penneserekin eta Hernandezekin hitz egin zuen joan den astean, eta erreportaje bat osatu zuen, proiektuaren nondik norakoak azalduta.