Unibertsitateko Indar Batasuneko kideak HEFA fakultateko 0.1 gelan sartu dira
UIB Unibertsitateko Indar Batasuneko kideak Ibaetako campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko 0.1 gelan sartu dira gaur goizean. “EHUren jarrera pasiboak eta antolatzeko azpiegituraren beharrak espazio batean berriro sartzera behartu gaitu”, azaldu dute. Izan ere, otsailaren 22an, “lan politikoa egiteko azpiegitura beharrak eta dekanotzaren jarrera pasiboak mahaian kolpe bat jotzera” eraman zituen UIBkoak, eta HEFA eta Psikologia fakultateen artean dagoen Zorroaga aretoan sartu ziren. “Espaziora sartu eta berehala, harremanetan jarri ginen HEFAko dekanotzarekin, negoziaketa prozesua berrartzeko asmoz. Hala ere, EHUk ez zuen proposamen zehatzik egin eta ez zigun bermerik eskaini espazioa lortzeko”, azaldu dute. Handik hiru egunera Ertzaintza campusean sartu zen, eta ikasleak Zorroaga aretotik bota zituen. “Indar polizialen interbentzioa askatasun politikoen aurkako erasoen adibide bat gehiago da”, adierazi dute ikasleek.
“Ordutik, negoziazioarekin aurrera jarraitzeko borondatea izan dugun arren, UIBko kideok salatu nahi genuke ez dugula erantzunik jaso ez EHUko errektoreordetzaren ez HEFAko dekanotzaren partetik”, salatu dute. Asteburuan publiko egin dute HEFA fakultateko dekanotza taldeari eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetza taldeari helarazitako gutuna, “unibertsitate esparruan jardun politikoa aurrera eramateko askatasun politikoen egikaritzea eta bermea” eskatzeko. HEFA fakultateko Ikasle Kontseiluak, aho batez, bat egin du UIBren gutunarekin eta eskakizunarekin.
Biltzeko arazoak
UIBk salatu du 2020ko irailean “ikasleek hainbat urtetan erabilitako gela” itxi zuela dekanotzak, eta ordutik biltzeko eskubidea errespetatzea eskatu dute. Eskaera hauen aurrean dekanotzak erantzunik eman ez diela ere gehitu dute: “Entzungor egin diezue aipatu eskaerei”.
? ADI! UIBko kideak HEFA I fakultateko 0.1 gelara sartu dira.
— Ibaeta Martxan! (@ibaetamartxan) April 26, 2021
Otsailean EHUk Ertzainari campusean sartzeko baimena eman eta ikasleak bortizki bota zituztenetik, ez errektoreordetzaren ez dekanotzaren patetik erantzunik jaso ez dutela salatu dute. pic.twitter.com/VyyZb9pHTZ