Tejeria eta San Kristobal kaleetan egindako proiektua positiboki baloratu du Egia Bizirikek
Bi astez oinezkoentzat bihurtu dituzte Tejeria eta San Kristobal kaleak proba egiteko, eta alde zein kontrako iritziak egon dira auzotarren artean. Hala ere, eztabaida piztu izana positiboki baloratu du Egia Bizirik auzo elkarteak.
Atzo goizean autoak eta ohiko trafikoa itzuli ziren Tejeria eta San Kristobal kaleetara, aurreko hamalau egunetan oinezkoentzat bihurtu ostean. Proiektu hau Egia Bizirik auzo elkartearen, EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren eta Donostiako Udalaren artean garatu dute, eta eztabaida piztu du auzotarren artean. Izan ere, bada proiektuaren aldeko jende asko, baina beste batzuk honen aurkako haserrea adierazi dute, gauero kazerolada bat eginez. Egia Bizirik auzo elkarteko Berdaitz Gurutzeagarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, elkarteak azken bi asteetan jazotakoaren inguruan duen iritzia jakiteko.
Lehenik eta behin, azken bi asteetan gertatutakoa “guztiz positiboki” baloratzen dutela adierazi du Gurutzeagak: “Alde batetik, etorkizunean espazioa nola aldatu dezakegun ikusi dugu, eta bestalde, eztabaida piztu da auzoan, hasieran genuen helburuetako bat, alegia”. Auzoko bi kale hauek oinezkoentzat bihurtzearen aurka egotea guztiz “zilegia” eta hein batean “logikoa” dela dio, bestalde: “Egun batetik bestera 100 auto aparkatu daitezkeen kale bat ixteak polemika sortuko genuela bagenekien, eta zilegia da ados ez egotea”.
Hala ere, bi aste hauetan jazotako gauza batzuk salatu ditu Gurutzeagak: “Proiektuaren aurka egon zaitezke, baina pertsona batzuek tentsio egoera handiegiak sortu dituzte, kartelak kenduz edo jendea seinalatuz”. Bestalde, proiektuaren helburua jende askok ondo ulertu ez duela gehitu du: “Jende askok uste zuen helburua behin betikoz bi kale hauek oinezkoentzat bihurtzea zela, baina helburua proba egitea zen. Proiektua aurkeztu genueneko prentsaurrekoa ikustea besterik ez dago konturatzeko azken helburua ez zela Tejeria eta San Kristobal oinezkoentzat bihurtzea, proba bat egitea baizik”. Gai honekin amaitzeko, Gurutzeagak dio autoa etxe parean izatea ez dela eskubide bat.
Etorkizuna
Hiriguneetan espazio gehiago oinezkoentzat bihurtzea etorkizuna dela dio: “Etorkizunean espazio publikoa nola aldatu dezakegun ikusteko balio izan digute azken bi asteek. Hau da etorkizuna; gaur egun diseinatzen diren urbanizazioek espazio ireki gehiago dute. Transformazio bat gertatu behar da; egingo da”.
Bi asteen bilakaera
Proiektua gorpuztu duten bi aste hauetan jendearen parte hartzeak bilakaera nabarmena izan duela dio Gurutzeagak: “Lehen astean ez zen jende gehiegi gerturatu, eta normala da. Jendeak inertziaz jokatzen du gehienetan, eta espazio hori ez zuten aisialdirako ikusten. Joera hori aldatu dugu, eta bigarren astean jende anitza gerturatu da: adineko jendea ikusi dugu paseatzen, gazteak patineteekin… izugarria izan da”.
Hala ere, proiektua egokitu beharko dutela dio; izan ere, Tejeria kalea osorik hartzea agian gehiegizkoa izan daitekeela uste du Egia Bizirikek, baina hori proiektu eta proba honi esker jakin dutela adierazi dute. Bestalde, hasiera batean probak aste batekoa izan behar zuela dio Gurutzeagak, eta gehitu du udalaren proposamena izan zela aste bat gehiago luzatzea.
Amaitzeko, proiektua ez dela amaitu azpimarratu du Gurutzeagak: “Urte bat baino gehiago daramagu honekin, eta ez da amaitu. Lanean jarraituko dugu Egian espazio publiko erosoagoak izateko”.