Emakume pilotariek dagokien lekua izan nahi dute Donostian
Emakume Pilotarien Elkarteak (EPE) Eliteko Emakume Pilotarien Donostia Saria sortzeko eskatu dio udalari, eta proposamena gaur bertan erregistratu dute. Egitasmoa aurkezteko, prentsaurrekoa egin dute EPEko Garbiñe Tijero, Maider Mendizabal eta Leire Galdos kideek, eta azaldu dute “emakume pilotariak ikusgarri egin” nahi dituztela, hirian “dagokien lekua” izan dezaten. Tijero eta Mendizabal pilotari beteranoak dira, eta Galdos 20 urteko pilotari gaztea, aurreko bien arabera, “etorkizun handikoa”. Eskaera erregistratzeaz gain, EPE-k hitzordu bat eskatu du Martin Ibabe Kiroletako zinegotziarekin. EH Bilduk proposamena babestu du, eta Reyes Carrere zinegotzi eta bozeramailea prentsaurrekoan egon da; nabarmendu du EPE-ren proposamenak “emakume kirolarien duintasuna” aldarrikatuko duela.
Emakume Pilotarien Donostia Saria asteburu bateko txapelketa azkarra izango litzateke, eta EPE-ren ustez, Donostia leku “oso egokia” da antolatzeko. Izan ere, hirian beti “pilota tradizio handia” egon dela nabarmendu dute, eta hainbat mugarri historiko azpimarratu ditu Mendizabalek: “1990ean, Intxaurrondon elkartu ziren lehenengo emakume palista federatuak entrenatzaile batekin, 2004an Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak Emakumea Pilotari proiektua abiatu zuen, Gipuzkoako zortzi udalerri nagusienen parte-hartzearekin, tartean, noski, Donostia. Proiektua 14 urtez egon zen funtzionamenduan, eta asko erabili ziren Donostiako instalazioak: Atano, Karmelo Balda, Gaskako trinketea, Intxaurrondoko frontoia, Altzakoa, eta abar. Gainera, Donostian aisialdirako pala ikastaroetan ia 60 emakumea biltzea lortu izan dute”.
Historian atzerago ere egin du Mendizabalek, Donostiako pilota tradizioa agerian uzteko: “XX. mendearen hasieran emakume erraketistek presentzia handia izan zuten. Gainera, erraketisten enpresa gizon garrantzitsuena donostiarra zen: Ildefonso Anabitarte puntista ohia. 1919. urtearen inguruan, erraketistek Igeldoko frontoia inauguratu zuten, eta Maria Cristina erregina egon zen. Grosen, berriz, 1938an inauguratu zen pilotalekuan erraketistentzako eskola antolatu zuten, eta Donostiako zein inguruko neskak hara joaten ziren ikastera. Era berean, lehenengo erraketista profesionalak handik atera ziren: hogei inguru atera ziren eskola hartatik, eta batek Donosti izenarekin jokatzen zuen”.
Txapelketaren nondik norakoak
“Emakume pilotarien jokoa gehiago balioetsiko den pilotalekua” erabili nahi dute txapelketa egiteko: Antiguakoa. “Atano frontoiak bezain beste xarma du, polita da eta pilota zaletasuna du. Gainera, txikiagoa denez, egokiagoa da emakumeon jokoarentzat, eta jokoa azkarragoa izango da, errebote gehiagorekin, eta abar. Emakumeon jokoaren ikusgarritasuna handiagoa izango da, eta gure gaitasuna hobeto erakutsiko dugu”, azaldu du Mendizabalek.
Izan ere, EPE-koak azaldu du azken urteotan Donostiako pilota txapelketetan emakumeak ere sartu dituztela, baina “antolatzaileak gizonezkoak direnez, ez dute emakumezkoen pilota behar bezala ezagutzen, eta gizonezkoen egituretara bideratzen dute dena. Argi dago berdintasunerako asko falta dela hemen ere bai”.
Horrela, bi modalitate izango lituzke txapelketak: eskuzko banakakoa (lau pilotari) eta gomazko palazko binakakoa (lau bikote). Eliteko jokalariak egongo lirateke, eta jokalari beteranoek zein gazteek hartuko lukete parte: Patri Espinar, Leire Etxaniz, Miren Larrarte, Miriam Arrillaga, Maider Mendizabal, Amaia Irazustabarrena, Maider Huizi eta Ariane Arrieta, esaterako. Era berean, Tijerok azpimarratu du “munduko emakumezko pilotaririk onena” ere egongo litzatekeela: Iparraldeko Maritxu Housset, hain justu.
Txapelketa Aste Nagusian jokatzea proposatu dute, baina azaldu dute koronabirusaren aurkako neurrietara egokituko liratekeela, eta iraileko Euskal Jaietan jokatzea ere aproposa irudituko litzaiekeela. Bestalde, txapelketako finalerdiak larunbatean jokatuko lirateke, eta finalak igandean. Proposamena aurrera ateratzeko itxaropentsu agertu dira, eta udalaren erantzunaren zain daude orain.