Intzidentzia metatua altua den arren, jaitsi egin da
67 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo, eta une honetan, hiriko intzidentzia metatua 611,32koa da: azken hilabetean behera egiten duen lehen aldia da.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 67 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 611,32koa da, eta azken hilabetean behera egiten duen lehen aldia da. Orain arte joera gorakorra izan du intzidentzia metatuak: 631,06koa zen intzidentzia metatua atzo, 606,39koa zen herenegun, 566,91koa, berriz, ostiralean. Azken hamar egunetan, Donostia Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia maila txikiena zuen hiriburua izatetik altuena izatera pasa da. Donostiaren intzidentzia maila altuak Gipuzkoarekin “lotura estua” duela dio Eneko Goia alkateak.
Donostiak perimetralki itxita darama astebete. Ondorioz, pasa den asteartetik Donostiako mugak itxita daude, eta zenbait neurri murriztaile daude indarrean. Batetik, ostalaritzaren barnealdeko ordutegia murriztu dute: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era baino ezin da tabernen eta jatetxeen barruan egon. Bestetik, apustu-etxeek ostalaritza zerbitzua barruan baino ezin dute eman, zehaztutako ordutegietan. Gainera, ezin dira lau pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, baina kirolari profesionalak eta federatuak neurri horretatik salbuetsita daude. Aldagelak eta dutxak itxita daude; igerilekuetan %35eko pertsona kopurua onartzen dute, eta dutxak bakarka erabili ahal dituzte. Donostia itxita badago ere, inguruko udalerrietara joateko aukera dago erosketak egiteko edo aire libreko kirola praktikatzeko.
Gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitzen dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan –kanpoaldean, soilik–. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak behera egin du zortzi osasun eremutan, eta Aiete igo egin du; Bidebietan eta Loiolan berdin mantendu da:
- Egia: 872,45
- Parte Zaharra: 686,42
- Amara Berri: 618,40
- Gros: 543,70
- Ondarreta: 534,42
- Bidebieta: 485,64
- Amara-Erdialdea: 477,41
- Altza-Roteta: 474,61
- Aiete: 553,51
- Loiola: 422,46
- Intxaurrondo: 411,85
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 14
- Aiete: 11
- Parte Zaharra: 9
- Ondarreta: 7
- Altza-Roteta: 7
- Amara-Erdialdea: 6
- Gros: 5
- Egia: 4
- Loiola: 1
- Intxaurrondo: 1
- Bidebieta: 1