Lantokietan langileak "inpunitate osoz hil eta gaixotu" egiten direla salatzeko manifestazioa egin dute
Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta, hori dela, manifestazio jendetsua egin dute ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek Donostian. Manifestazioaren bidez, “iaz hildako pertsonei eta beren lanpostuetan osasuna galdu duten langileei omenaldia egiteaz gain, koronabirusaren pandemian lehen lerroan egon diren eta dauden langile guztien lana” aitortu nahi izan dute sindikatuek. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte mobilizazioak (Gasteizen atzo egin zuten).
“Herri honetan inpunitate osoz hil daitekeen leku bakarra dago: lantokiak, lan zentroak. Bertan langileak hil daitezke eta inork ez du ordaintzen, inor ez da erantzule eta ez dira konponbiderik jartzen”, salatu dute. Horregatik, sindikatuek eskatu dute “bizitza erdugunean” jartzeko: “Lan erreformak bertan behera uzteko eta lantokietako segurtasun baldintzak kontrolatzeko baliabide publikoak handitzeko eskatzen dugu”.