Lehenengo aldiz, sai arre bikote batek Donostian egin du bere habia
Sai arre bikote batek Donostian aurkitu du habia egiteko leku aproposa, eta hiriko itsaslabar batean hari dira euren txitoa hazten. Itsas Enara ornitologia elkarteko Jon Mugicak behatu du bikotea, beste hegazti batzuen jarraipena egiten ari zenean. Itsas Enarako Xabier Saralegik azaldu duenez, bi arrazoi nagusirengatik da berezia sai arreek Donostian habia egin izana: “Iragan hurbilean, behintzat, ez dago espezieak Donostian habia egin izanaren erregistrorik. Pentsa, 1979. urtean egin zen erroldan sai bat ere ez zen aurkitu Gipuzkoa osoan. Bikote honen beste berezitasunetako bat da habia itsaslabar batean egin izana. Izan ere, Euskal Herrian horrelakorik ez dago, eta Iberiar penintsulan Liengon (Kantabria) bakarrik daude horrelako habiak. Donostian, egia esan, itsaslabarrak kenduta, toki egokirik ez dago espezie honentzako”.
Saralegik gaineratu du Donostiatik gertuen dagoen sai arreen kolonia Jaizkibelen dagoela, eta, segur aski, Donostiako bikotea hortik datorrela. “Espeziearen populazioa gora doa Gipuzkoan, eta pentsa liteke bikote batzuk toki berriak kolonizatzen dabiltzala”, azpimarratu du.
Sai arrea lehenengoz Donostian kumatzen! (Behat.:Jon Mugica) Gainera, itsaslabar batean dagoen EHko habia bakarra litzateke.
— Itsas Enara Elkartea (@ItsasEnara) April 26, 2021
================
Primera nidificación de buitre leonado en Donostia! (Obs:Jon Mugica) Además, sería el único nido del País Vasco en cantil costero. pic.twitter.com/s3V0jbIM1Q
Sai arreez gain, Donostian ohikoa ez den beste zerbait ere behatu zuten joan den astean Itsas Enarakoek: ubarroi mottodunak taldean ehizatzen. Ulia mendiaren inguruan ikusi zituzten, Saralegik azaldu duenez, 14 bikote inguruko kolonia bat baitago han. “Ubarroi mottoduna 1970eko hamarkadan desagertutzat eman zen Gipuzkoan. 1990ko hamarkadan, ordea, bikoteren bat antzematen hasi zen Ulian. Gaur egun, 35 bikote inguru ditugu Gipuzkoan, lau koloniatan banatuta: Getariakoa, Igeldokoa, Uliakoa eta Jaizkibelgoa. Hala ere, espezie oraindik arrikuskuan dago, eta, hori dela eta, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan jarraitzen du”, kontatu du Itsas Enarakoak.
Dioenez, Gipuzkoako koloniarik handiena da Uliakoa, eta ugalketa garaitik kanpo (udaberria heldu baino pixka bat lehenago hasten dira habiak egiten) ibiltzen dira “Ulia inguruan elikatzen eta arroketan atseden hartzen”. Ordea, Saralegik nabarmendu du ez dela batere ohikoa Uliako koloniak taldean ehizatzea: “Normalean, bakarka elikatzen dira (arroketako arrainak ehizatzen), eta Gipuzkoan oso ezohikoa da taldean elikatzen ikustea. Egun hauetan, antza, antxoa kostaldeko lerrora asko hurbildu da, eta Uliako ubarroi mottodunak taldean ehizatzen ibili dira. Bizkaiko eta Galizako kolonietan irudi hori ez omen da horren arraroa”.
Uliako koloniako ubarroi mottodunak taldean arrantzan ikusteko aukera izan dugu egun hauetan (antxoa omen dabil). Ezohiko irudia Uliako kolonian behintzat. pic.twitter.com/Am2qfh2lVs
— Itsas Enara Elkartea (@ItsasEnara) April 25, 2021