Lehenengo solairutik gora dauden etxe turistikoak legeztatuko dituzte bihar

Donostiako Udalbatzak bihar onartuko du Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren barruan dauden Hirigintzako Arau Orokorren aldaketa. Aldaketa honekin, etxebizitza turistikoen ordenantzaren araudia bere gain hartuko du Plan Orokorrak. Horrela, lehen solairuko araua bertan behera geratuko da, eta ordenantzan ezarritako arauak dira aurrerantzean aplikatuko direnak.
2018ra arte indarrean zegoen Donostiako Udalaren Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak lehen solairutik gora erabilera turistikoko etxebizitzak ezartzea eragozten zuen, baina urte horretako martxoaren 1ean, udalak etxe turistikoak lehenengo solairutik gora jartzea ahalbidetzen zuen araudia onartu zuen. 2020ko urtarrilean, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak araudia baliogabetu egin zuen, udal ordenantza batekin ezin direlako hirigintza erabilerak arautu, eta ezin delako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurka joan. Udaleko zerbitzu juridikoek ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztu zuten, baina, Espainiako Auzitegi Gorenak helegite hori baztertu zuen.
EH Bilduk salatu du udal gobernua “ingeniaritza juridikoa” erabiltzen ari dela “lehen solairuaren gainetik dauden pisu turistikoen jabeen mesedetan”. Elkarrekin Donostia ere kritiko agertu da aldaketarekin.
Donostiako bederatzi eragilek ohar bateratu bat plazaratu zuten apirilaren 13an, azaltzeko Donostian 559 etxebizitza turistiko daudela lehenengo solairutik gora, eta horiek guztiak legez kanpo geratu beharko liratekeela. Amara Bai auzo elkartea, Bizilagunekin plataforma, Donostialdeko Maizterren Sindikatua, Egia Bizirik auzo elkartea, Heriz plataforma, Hondarpe auzo elkartea, Kaleratzeak Stop Gipuzkoa, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea eta Saretxe plataforma dira oharraren sinatzaileak, eta manifestazioa egingo dute maiatzaren 22an, hiriko “etxebizitza larrialdia” salatzeko eta “etxebizitza eskubidea” aldarrikatzeko.
Hirigintzako Arau Orokorren aldaketak, etxebizitza turistikoen ordenantzaren araudia bere gain hartzeaz gain, gune urbanistikoen araberako etxebizitzen batez besteko gutxieneko tamaina aldatzen du, eta horrek eragina du etxebizitzak bereizteko aukeran. Baimentzen du eraikitako azaleraren %10 balkoi edo terraza izatera bideratzea, etxebizitzaren eraikigarritasunaren barruan sartu gabe. Aldiz, zaildu egiten ditu etxebizitza eraikinak hoteletan bihurtzeko baldintzak. Izan ere, Plan Berezia egitea eskatuko du, eta gainera, ezartzen du hotela jarri nahi den eremu horretako hotelentzako erabilera %25 baino handiagoa ez izatea.