Nola egin zuten Altzako Mikelen Txokoko horma irudia?
Iazko abenduan 35 urte bete ziren Mikel Zabalza Altzako bizilaguna Bidasoa ibaian tortura zantzuekin hilda agertu zenetik, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteletik pasa ondoren. Urteurrenaren bueltan, Mikel Zabalza Herri Ekimenak bultzatu zuen Altzan Zabalzaren, harekin atxilotutako eta torturatutako Idoia Aierberen eta Ion Arretxeren eta torturatu guztien omenezko gune bat sortzea. San Martzial plazako Mikelen Txokoa da egitasmo horren emaitza.
Hain justu, horma irudi handi bat jarri zuten plazako erdigunean dagoen horma zuri handian, eta han dago ordutik. Horma irudia Nexgraff artista taldeak egin zuen herri ekimenaren eta udalaren enkarguz. Nexgraffeko Aitorrek azaldu duenez, hasieran beste margolari batek egin behar zuen horma irudia: “Pandemia dela eta, ordea, atzerapenak izan ziren, eta artista horrek gure izena eman zien herri ekimenekoei”.
Horrela, Nexgraffekoek hainbat bozeto aurkeztu zizkieten herri ekimenekoei eta udaleko Giza Eskubideen Batzordekoei, eta gaur egun San Martzial plazan dagoenak jaso zuen denen oniritzia: “Gai delikatua denez, sinbologia asko erabili genuen, Zabalzaren kasuarekin eta torturarekin zerikusia duten gauza guztiak irudikatzera. Tonu nolabait dramatikoa izan behar zuen, eta Picassoren Gernika izan genuen inspirazio iturri”.
Behin sustatzaileen oniritzia jasota, erabaki zuten zuzenean horman margotzea ez zela aproposa, “eguraldia dela eta, ez zuelako ezer iraungo”. Horregatik, fibrazko paneletan margotu zuten, Pasai San Pedron duten tailerrean. “Bi edo hiru astetan” margotu zuten, eta herri ekimenekoen laguntzarekin kokatu zuten San Martzial plazan.
Nexgraff taldeak horma irudia egiteko prozesuaren laburpen bideoa argitaratu du: