Ikasleek eta Filosofia Fakultateko dekanotzak bilerei ekingo diete, ikasleei "gela bat emateko"
Ibaetako campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko bi gelatan sartu dira azken bi egunetan UIB Unibertsitateko Indar Batasuneko kideak, “unibertsitate esparruan jardun politikoa aurrera eramateko”. Fakultateko dekanotzaren erantzuna jaso zuten atzo arratsaldean: “Dekanotza talde honek borondate irmoa du aurrera eraman dituzuen ekintzen oinarrian dauden aldarrikapenak asebeteko lituzkeen erantzun bat lortzeko”, esan die dekanotzak. Fakultateko Ikasle Kontseiluko kideekin negoziazioei ekingo die dekanotzak, baina horretarako azken bi egunetan “okupatutako” bi geletatik irteteko eskatu die dekanotzak.
“UIBk egindako salaketa gogorraren aurrean, HEFAko dekanotza osoak onartu du biltzeko askatasuna bortxatzeari utzi eta gela emateko beharra. Lorpen hau ez zen posible izango egunez egun egindako lan eta borroka nekaezinarik gabe!”, adierazi du UIBk.
Aurrekariak
UIBko kideak Ibaetako campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko 0.1 gelan sartu ziren herenegun goizean, eta atzo, eraikin bereko beste gela batean: 2.1 gelan. “EHUren jarrera pasiboak eta antolatzeko azpiegituraren beharrak espazio batean berriro sartzera behartu gaitu”, azaldu zuten. Izan ere, otsailaren 22an, “lan politikoa egiteko azpiegitura beharrak eta dekanotzaren jarrera pasiboak mahaian kolpe bat jotzera” eraman zituen UIBkoak, eta HEFA eta Psikologia fakultateen artean dagoen Zorroaga aretoan sartu ziren. “Espaziora sartu eta berehala, harremanetan jarri ginen HEFAko dekanotzarekin, negoziaketa prozesua berrartzeko asmoz. Hala ere, EHUk ez zuen proposamen zehatzik egin eta ez zigun bermerik eskaini espazioa lortzeko”, azaldu zuten. Handik hiru egunera Ertzaintza campusean sartu zen, eta ikasleak Zorroaga aretotik bota zituen. “Indar polizialen interbentzioa askatasun politikoen aurkako erasoen adibide bat gehiago da”, adierazi zuten ikasleek.
“Ordutik, negoziazioarekin aurrera jarraitzeko borondatea izan dugun arren, UIBko kideok salatu nahi genuke ez dugula erantzunik jaso ez EHUko errektoreordetzaren ez HEFAko dekanotzaren partetik”, salatu dute. Asteburuan publiko egin dute HEFA fakultateko dekanotza taldeari eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetza taldeari helarazitako gutuna, “unibertsitate esparruan jardun politikoa aurrera eramateko askatasun politikoen egikaritzea eta bermea” eskatzeko. HEFA fakultateko Ikasle Kontseiluak, aho batez, bat egin du UIBren gutunarekin eta eskakizunarekin.
UIBk salatu du 2020ko irailean “ikasleek hainbat urtetan erabilitako gela” itxi zuela dekanotzak, eta ordutik biltzeko eskubidea errespetatzea eskatu dute. Eskaera horien aurrean dekanotzak erantzunik eman ez diela ere gehitu dute: “Entzungor egin diezue aipatu eskaerei”.