Abian da Zinea atariaren kritika lehiaketa

Zinea atariak (Zinea.eus) bere VII. Kritika Lehiaketa abiatu du, urtebetez Zinearekin kolaboratzaile moduan lan egiteko. Parte-hartzaileek 2020tik aurrera estreinatutako euskal film baten kritika bidali beharko dute info@zinea.eus helbidera, maiatzaren 28a baino lehen. Lehiaketako irabazleak Zinearekin urtebetez (aurtengo uztailetik aurrera) kolaborazio lanak egiteko konpromisoa hartuko du, astero kritika bat idatziz.
“Zinemari buruzko errepertorioa biribiltzeko asmotan, aretoetan ikusgai diren filmen kritikak argitaratzeko asmoa dugu, eta zeregin horretaz arduratuko den lagunaren bila ari gara; zineman jarduten duen norbait, ala besterik gabe, zinemazalea den edonor!”, azaldu dute Zineakoek. Hain zuzen, azken urteotan hainbat izan dira astero zinema kritikak egiten aritu direnak: Uxue Arzelus, Aritz Sorzabal, Mikel Zumeta, Zigor Etxebeste, Sara Hernandez eta Ixone Santamaria.
Lehiaketan jasotako kritikak argitaratzen joango dira, “epaimahaikideez gain, atariko irakurleek ere balorazio propioak egin ditzaten”, eta irabazlearen izen-abizenak ekainaren erdialdean jakinaraziko dituzte.