Bidebietako bizilagunen sareak alkateari eskatu dio auzoko Kutxabanken bulegoaren aferan bitartekari lanak egiteko
Bidebietako bizilagunek Kutxabankek auzoan zuen sukurtsala berriz irekitzearen alde borrokatzen jarraitzen dute, eta gutun ireki bat bidali diote Eneko Goia alkateari, banku entitatearekin bitartekari lanak egin ditzala eskatzeko. Hain zuzen, Maria Jesus Idoeta Auzoetako zinegotziak joan den astean adierazi zuen Kutxabankek ez duela Bidebietan zuen bulegoa berriz irekiko, “langile faltarengatik”. EH Bilduko zinegotzi Zigor Etxeburuak salatu zuen Kutxabankek langile falta izango zuela, baina ez “mozkin ekonomikoak”. Hain justu, entitateak gaur argitaratutako ohar batean jakinarazi du 61,8 milioi euroko etekin ekonomikoa izan duela 2021eko lehenengo hiruhilekoan.
Bidebietako bizilagunen sarea bildu egin zen, zer egingo zuten eztabaidatzeko, eta alkateari aipatu gutuna helaraztea erabaki dute. Sukurtsala itxi izanak auzoko adineko jendeari kalte handia egiten diola nabarmendu dute gutunean, Bidebietako batez besteko adina Donostiakoa baino puntu bat altuagoa delako: “Digitalizazioa, pertsona gehienentzat arazo ez bada ere, bereziki gatazkatsua izan daiteke adineko pertsona gehienentzat. Guztion ongizateaz arduratzen diren erakunde publikoek eurek ere ikusi dute trantsizio eta mekanismo egokiak behar ditugula biztanleria zahartua, talde ahulenetako bat, baztertua izan ez dadin, eta beren oinarrizko eskubideak berma daitezen. […] Kutxabank entitateak, duela hamarkada batzuetatik auzoan egon denak, zegoen banketxe bakarra ixtea erabaki du, eta, beraz, milaka bezero zerbitzu pertsonalik gabe utzi ditu, asko eta asko adinekoak”. Era berean, Kutxabanken jarrera salatu dute: “Zerbitzu amaieraren berri emateko, sukurtsaleko ateetako batean paper bat itsatsi zuten, behin betiko itxiera baino bi hilabete lehenago. Erreakzionatzeko denborarik gabe, adinekoak babesik gabe geratu ziren eta beren kasa moldatu behar izan dute. Asko Gros auzora joaten ari dira garraio publikoan, horrek dakarren esfortzu, kostu eta arrisku gainkargarekin, egungo egoera pandemikoa kontuan izanik. Beste batzuek Trintxerpeko bulegora oinez (kilometro bat inguru) joan behar izan dute (Pasaiako udalerrian dago)”.
Gogorarazi dute itxieraren aurrean auzoko bizilagunak mobilizatu egin zirela, eta sukurtsala berriz irekitzearen aldeko “1.200 sinadura baino gehiago” bildu zituztela. Horretaz gain, azpimarratu dute udalbatzak “aho batez” egin zutela bizilagunen nahiaren alde. “Udalak ez du irtenbiderik eman, eta, dirudienez, ez du banketxea oinarrizko zerbitzu hau ematera derrigortzeko ahalmenik”, salatu dute. Donostiako Udalak ordezkaritza dauka Kutxa Banku Fundazioan, eta Kutxabanken kapital sozialaren %32a du fundazio horrek.
Horregatik, zuzenean alkateari eskatu diote aferan esku hartzeko: “Alkatearen premiazko bitartekaritza eskatzen dugu, Bidebietako biztanle askok banku zerbitzuetara jotzeko duten eskubidea aitortua izan dadin eta praktikan gauzatu dadin. Bitartekaritza bat eskatzen dugu Kutxabankek Bidebietan (egungo sukurtsalean, Moneda baserriaren eremuan [Kutxa Fundazioarena da] edo beste edozein lekutan) arreta pertsonaleko gutxieneko zerbitzuak eman ditzan, egoki iritzitako asteko egunetan, ordutegi zehatz batekin, aukerarik gabe utzi dituzten milaka erabiltzaileei arreta emateko. Gutxieneko zerbitzu hori denboran behar beste bermatzea eskatzen dugu, eta banku kudeaketa digitalari buruzko prestakuntza ikastaro luzeekin (ez puntualekin) osatzea, banku-erakundeak gidatuta, antolatuta eta ordainduta”.
Udalbatzarrean eztabaidatu dute
Gaur (apirilak 29) egin dute apirileko udalbatzarra, eta hor ere Bidebietako Kutxabanken sukurtsalari buruz eztabaidatu dute. Hain justu, EH Bilduko Zigor Etxeburua zinegotziak aurkeztu du gai horri buruzko mozioa, honako eskaerekin: udalak, Kutxa Banku Fundazioan duen ordezkariaren bidez, Kutxabanki eskatzeko bezeroei eskaintzen dizkien komisioetan errentaren araberako irizpide progresibo bat ezartzeko, ordezkari horren bidez Kutxabanki eskatzeko Bidebietako bulegoa berriz irekitzeko eta ordezkariaren bidez Kutxabanki txosten bat eskatzeko.
Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk mozioa babestu dute, baina EAJk, PSE-EEk eta PPk soilik bigarren puntuaren aldeko botoa eman dute. Idoetak salatu du lehenengo eskaerak “bezeroak fiskalizatzea” ekarriko lukeela.
Jarraian, Bidebietako bizilagunen sareak Goiari helarazitako gutuna, osorik:
Gure gizartea teknologia berrietara egokitzeko fase oldarkor eta presazko batean murgilduta dago. Digitalizazioa, pertsona gehienentzat arazo ez bada ere, bereziki gatazkatsua izan daiteke adineko pertsona gehienentzat. Guztion ongizateaz arduratzen diren erakunde publikoek eurek ere ikusi dute trantsizio eta mekanismo egokiak behar ditugula biztanleria zahartua, talde ahulenetako bat, baztertua izan ez dadin, eta beren oinarrizko eskubideak berma daitezen.
Ildo honetan, Donostiako Bidebieta auzoan, bizilagunen (eta bereziki adinekoen) eskubideen urraketa baten lekuko zuzenak izaten ari gara. Kutxabank entitateak, duela hamarkada batzuetatik auzoan egon denak, zegoen banketxe bakarra ixtea erabaki du, eta, beraz, milaka bezero zerbitzu pertsonalik gabe utzi ditu, asko eta asko adinekoak. Gure ustez, itxiera honek banku-konturako sarbidea izateko eskubide unibertsala urratzen du; izan ere, jarraian azalduko dugun bezala, erakundeak ez ditu beharrezko tresnak eskaini herritar ahulenek edota mugikortasun murriztua dutenek beren dirua kontsultatu eta kudeatu ahal izan dezaten.
Kutxabankek Bidebietan izan duen jokaera hainbat zentzutan da salagarria, izan ere, auzo honetan batezbesteko adina Donostiakoa baino puntu bat altuagoa da. Bestalde, zerbitzu amaieraren berri emateko, sukurtsaleko ateetako batean paper bat itsatsi zuten, behin betiko itxiera baino bi hilabete lehenago. Erreakzionatzeko denborarik gabe, adinekoak babesik gabe geratu ziren eta beren kasa moldatu behar izan dute. Asko Gros auzora joaten ari dira garraio publikoan, horrek dakarren esfortzu, kostu eta arrisku gainkargarekin, egungo egoera pandemikoa kontuan izanik. Beste batzuek Trintxerpeko bulegora oinez (km 1 inguru) joan behar izan dute (Donostiako udalerrian ez ezik, Pasaian dagoena). Gure ustez, ahalegin hori ez genuke beren bizkar utzi behar; alderantziz, gutxieneko erraztasun batzuk bermatu beharko genizkieke oinarrizko eskubide hau gauzatu ahal izateko.
Era berean, gogorarazi nahi dugu Kutxabank erakundea Caja Laboral-Euskadiko Kutxak Bidebietan zuen bulegoaren itxieraz aprobetxatu zela duela urte batzuk; bezero berriak erakarri zituen, auzoan geratzeko promesarekin. Handik urte gutxira, konpromiso hura lurrundu egin dela dirudi. Bezero partikularrez gain, krisi ekonomikoak eta pandemiak jada aski kolpatuak zituen auzoko saltokietan ere eragina izan du Kutxabanken itxierak, sukurtsala enpresa-gestioak egiteko erabiltzen baitzuten.
Jakin badakigu Kutxabank erakunde pribatua dela, baina eskaintzen duten zerbitzua publikoa denez eta eskubide unibertsalez ari garenez, interes komuna babestea agintari publikoen eskumenekoa dela uste dugu. Bidebietan 1.200 sinadura baino gehiago bildu dira sukurtsala berriro irekitzearen alde, eta Donostiako Udalaren osoko bilkuran aho batez auzotarren nahiaren alde egin zuten. Hala ere, Udalak ez du irtenbiderik eman, eta, dirudienez, ez du banketxea oinarrizko zerbitzu hau ematera derrigortzeko ahalmenik.
Hori dela eta, behean sinatzen dugunok Alkatearen premiazko bitartekaritza eskatzen dugu, Bidebietako biztanle askok banku zerbitzuetara jotzeko duten eskubidea aitortua izan dadin eta praktikan gauzatu dadin. Bitartekaritza bat eskatzen dugu Kutxabankek Bidebietan (egungo sukurtsalean, Moneda baserriaren eremuan edo beste edozein lekutan) arreta pertsonaleko gutxieneko zerbitzuak eman ditzan, egoki iritzitako asteko egunetan, ordutegi zehatz batekin, aukerarik gabe utzi dituzten milaka erabiltzaileei arreta emateko. Gutxieneko zerbitzu hori denboran behar beste bermatzea eskatzen dugu, eta banku kudeaketa digitalari buruzko prestakuntza-ikastaro luzeekin (ez puntualekin) osatzea, banku-erakundeak gidatuta, antolatuta eta ordainduta.
Egoeraren larritasunak bultzatu gaitu zuei defentsa-eskaera hau egitera. Gatazka honi konponbidea bilatzen lagunduko diguzuelakoan, mila esker.