Iñaki Salvadorrek jazz pianista handiak omenduko ditu Jazzaren Nazioarteko Egunean

Jazzaren Nazioarteko Eguna da bihar (apirilak 30), eta Iñaki Salvador piano jotzaile donostiarrak jazz musikari handienetako batzuen piezak ekarriko ditu Antzoki Zaharrera. Besteak beste, Herbie Hancock, Bill Evans eta Cedar Walton pianista historikoak omenduko ditu. Era berean, aurtengo otsailean zendutako Chick Corea musikaria ere omenduko du Salvadorrek; Jazzaldian bederatzi aldiz jo zuen Coreak.
Aipatu musikarien piezak jotzeaz gain, Salvadorrek konposizio propio batzuk ere joko ditu, eta euskal musikak ere lekua izango du, Ezpata dantza ere entzun ahal izango baita. Gonzalo Tejada (kontrabaxua) eta Borja Barrueta (bateria) izango ditu bidelagun Salvadorrek. Kontzertua 19:00etan izango da, eta sarrerak 15 euroren truk eskuratu daitezke, Donostia Kulturaren webgunean.