Intzidentzia metatuak gora egin du berriz ere Donostian
91 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo, eta hiriko intzidentzia metatua 624,48koa da: atzo beherakada txiki bat izan bazuen ere, intzidentzia metatuak gora egiteari ekin dio berriz ere.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 91 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 624,48koa da, eta gora egin du. Atzo beherakada txiki bat izan bazuen ere, intzidentzia metatuak gora egiteari ekin dio berriz ere. 611,32koa zen intzidentzia metatua atzo, 631,06koa zen herenegun, eta 606,39koa, berriz, astelehenean. Azken hamar egunetan, Donostia Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia maila txikiena zuen hiriburua izatetik altuena izatera pasa da. Donostiaren intzidentzia maila altuak Gipuzkoarekin “lotura estua” duela dio Eneko Goia alkateak.
Donostiak perimetralki itxita darama astebete. Ondorioz, pasa den asteartetik Donostiako mugak itxita daude, eta zenbait neurri murriztaile daude indarrean. Batetik, ostalaritzaren barnealdeko ordutegia murriztu dute: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era baino ezin da tabernen eta jatetxeen barruan egon. Bestetik, apustu-etxeek ostalaritza zerbitzua barruan baino ezin dute eman, zehaztutako ordutegietan. Gainera, ezin dira lau pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, baina kirolari profesionalak eta federatuak neurri horretatik salbuetsita daude. Aldagelak eta dutxak itxita daude; igerilekuetan %35eko pertsona kopurua onartzen dute, eta dutxak bakarka erabili ahal dituzte. Donostia itxita badago ere, inguruko udalerrietara joateko aukera dago erosketak egiteko edo aire libreko kirola praktikatzeko.
Gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitzen dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan –kanpoaldean, soilik–. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak gora egin du sei osasun eremutan, eta behera egin du Egian, Grosen eta Bidebietan; Parte Zaharrean eta Altza-Rotetan berdin mantendu da:
- Egia: 825,10
- Parte Zaharra: 686,42
- Amara Berri: 636,86
- Aiete: 633,72
- Ondarreta: 554,71
- Gros: 536,94
- Loiola: 517,85
- Amara-Erdialdea: 492,10
- Altza-Roteta: 474,61
- Intxaurrondo: 446,90
- Bidebieta: 430,14
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 15
- Ondarreta: 14
- Aiete: 11
- Gros: 8
- Loiola: 7
- Intxaurrondo: 7
- Altza-Roteta: 7
- Amara-Erdialdea: 4
- Parte Zaharra: 4
- Egia: 4
- Bidebieta: 1