2022rako danborrada berri bat sortu nahi dutenek izena eman dezakete maiatzean
Donostiako Festak 2022ko San Sebastian Egunera begira jartzen hasi da, eta danborrada berrien izen-ematea abiatu du. Hain zuzen, helduen zein haurren danborrada berri bat sortu nahi duten elkarte donostiarrek bihartik, maiatzaren 1etik, maiatzaren 30era eman dezakete izena, donostiakofestak@donostia.eus posta elektronikora idatzita.
Hiriko edozein auzotako elkarteek eman dezakete izena, Parte Zaharrekoek eta Erdialdekoek izan ezik. Izan ere, auzo horietan danborrada asko daude dagoeneko.
Gogoratu behar da 2021ean ez zela San Sebastian Eguna bere horretan ospatu, koronabirusaren pandemia dela eta. Horren ordez, bandera igoera, jaitsiera eta haur danborrada sinbolikoak egin zituen Donostiako Udalak, Viktoria Eugenia antzokian grabatutako emanaldi batzuk zuzenean igorrita. Bestalde, herritarrek balkoietatik jo zituzten Sarriegiren doinuak auzo gehienetan.