Boluntario ugari, behar handiegia
Pasa den neguan, egiten zuen hotza ikusita, Parte Zaharreko bizilagun gutxi batzuk Konstituzio plazan lo egiten zuten sei bat etxegaberentzako afaria prestatzen hasi ziren, lotara joan aurretik zerbait beroa jan ahal izan zezaten. Pixkanaka, etxerik gabeko pertsona gehiago gerturatzen hasi ziren afari bila, eta boluntarioen sarea ere handitzen joan zen. Gaur egun, 80 bat boluntario daude bi saretan banatuta, eta 70 bat etxegaberentzako afariak banatzen ari dira egunero, Konstituzio plazan eta Egiako Blas de Otero plazan.
Tabernak itxi berri dituzte, eta eguzkia ezkutatzen ari da. Donostiar gehienak etxerako bidea hartzen ari dira pixkanaka, afaltzeko zer prestatuko duten pentsatzen duten bitartean. Beste batzuentzat, aldiz, eguna ez da oraindik amaitu, eta bezperan edo goizean prestatzen hasi ziren afaria hartuta, etxetik atera berri dira. Hain zuzen, etxerik ez dutenei afari bero bat eramango diete. Hori da duela hilabete batzuk hamarnaka boluntario Parte Zaharrean eta Egian egunez egun egiten ari direna.
Normalean, 20:30ak aldera hasten dira afariak banatzen, baina ramadan garaia denez –Donostian dauden etxegabe gehienak musulmanak dira–, beranduxeago hasten dira orain, eguzkia ezkutatzen denean. Parte Zaharrean, afaria prestatu dutenak Konstituzio plazara lapikoarekin, mahai-tresnekin eta janaria banatzeko edukiontziekin heltzen direnerako, zain daude etxerik gabeko hainbat pertsona, eta kozinatu dutenei banaketarekin lagunduko dieten hainbat boluntario ere han daude; zukuen, esnearen, ogiaren, datilen, arrautza egosien eta opil gozo batzuen bila joan ostean. Ramadan garaia hastearekin batera, plater nagusiaz gain, zukuak, esnea, datilak eta arrautza egosiak ere eramateari ekin zioten, halako produktuekin eten ohi baitute musulmanek baraua. Era berean, harira zopa tradizionala eramaten du Wadiek, Herrerako meskitakoak. Dena mahai gainean dutenean, janaria edukiontzietan banatzen dute. Ordurako, 20 edo 30 dira afariaren bila gerturatu diren pertsonak.
Egian, banaketako boluntarioak 20:00ak aldera hasten dira Blas de Otero plazako SOS Arrazakeriaren lokalean aipatu zopa, datilak, arrautza egosiak, ogia eta gozokiak poltsa indibidualetan banatzen. Lokala harira beroaren usain gozoak betezen du, eta usaina are gozoagoa da plater nagusia kozinatu duten sukaldariak euren lapikoekin heltzen direnean. Poltsa guztiak prestatu ondoren, plazako arkupeetan mahaia muntatzen dute, afariaren zain dauden pertsonen begiradapean, eta, kasu askotan, euren laguntzarekin. Mahaiaren aurrean ilara ordenatu bat egiten dute, eguneko otordu bero bakarra egiteko irrikaz.
Bai Konstituzio plazan eta bai Blas de Otero plazan, eguzkia ezkutatu bezain laster, boluntarioek afari beroak han bildutako pertsona guztien artean partitzen dituzte, eta euren aurpegiak zeharo aldatzen dira: eskuetan janariaren berotasuna sentitu bezain pronto, batzuei irribarre bat ere ateratzen zaie, eta afaria irensteari ekiten diote. Batzuek ingurukoekin hitz egiten duten bitartean jaten dute, han bertan. Beste batzuk, aldiz, euren anoa hartu, eta beste nonbaitera joaten dira afaltzera. Bakoitzak nahiago duen moduan egiten du otordua, baina denek sabela berotzen dute lotara joan aurretik.
Txikitik handira
«Neguan hasi ginen. Parte Zaharrean egunero ikusten dugu jendea kalean lotan, baina neguko hotz bolada handi hori etorri zenean, ezin genuen jarraitu ez ikusiarena egiten, eta erabaki genuen behintzat otordu bero bat eraman behar geniela», azaldu du Koldok [nahiago izan du abizena gorde], Parte Zaharreko boluntario sareko kideak. Zazpi lagun animatu ziren astean behin Konstituzio plazan lo egiten zuten pertsonentzako –sei bat ziren orduan– afaria kozinatzera. «Pixkanaka, sarea handitzen hasi ginen, eta hamabost pertsona izatera heldu ginen. Horrela, bakoitzak hamabostean behin kozinatzen zuen, eta hotz handia egiten zuenez, mantak eta horrelakoak ere eramaten genizkien», gaineratu du Parte Zaharrekoak. Hala ere, hasieratik argi izan dutela noraino iritsi zitezkeen: «Ez genuen pertsona horien bizitza konponduko, baina behintzat egunean otordu bero bat izan zezatela bermatuko genuen».
Asteak pasa ahala, gero eta etxegabe gehiago hasi ziren Konstituzio plazara afari bila joaten: «Urtarrilerako, hamabost edo hogei pertsonarentzako afaria prestatzen genbiltzan, eta gure lan karga gero eta handiagoa zen. Izan ere, bakoitzak bere etxean duen lapikorik handiena presio eltze bat da, eta, horrekin, asko jota, hogei pertsonarentzako janaria prestatu dezakezu. Batzuetan, janaria ez zen denentzako iristen eta horrek ere tentsioa sortzen zuen», kontatu du Koldok.
Horrela, boluntario gehiago behar zituztela ikusi zuten, eta deialdia inguruan zabaldu zuten, Harrera Sarearekin elkarlanean. Gema Hierro izan zen deialdi horretan sarera batu zen herritarretako bat: «Koldoren bidez izan nuen egitasmo honen berri, eta oso polita iruditu zitzaidan. Bileretara joaten hasi nintzen, eta sarean sartzea erabaki nuen. Bi hilabete inguru daramatzat, eta batere sukaldari ona ez banaiz ere, bi astean behin kozinatzera animatu naiz».
Boluntario kopurua haztearekin batera, ordea, afariaren bila zihoazenen kopurua ere hazten joan zela kontatu du Koldok: «Auzo guztietako jendea zetorren laguntzera, eta jatera zetozenak ere auzo guztietatik zetozen; ez zen jasangarria. Horregatik, Egiako boluntario asko zeudela ikusita, proposatu genuen Egian beste sare bat sortzea, lana banatzeko».
Garazi Montuschi Harrera Sareko kidea Egiako boluntario taldea egituratzen aritu zen, eta afari banaketetan parte hartzen du gaur egun: «Egia oso auzo aktiboa denez eta gazte migrante askok [Egiako afari banaketara joaten diren gehienak 20-30 urteko gizon migranteak dira] bizitza autobus geltokiaren inguruan egiten dutenez, auzoan beste boluntario sare bat sortzeko deialdia zabaldu genuen. Oso ondo joan zen: lehenengo bileran 20-30 pertsona egon ginen, eta ordutik ondo ari gara lan egiten», azaldu du. Gaur egun, 80-100 boluntario inguru daude bi sareetan banatuta (40-50 bakoitzean), eta 20-30 pertsonarentzako afariak banatzen dituzte Parte Zaharrean, eta beste 40 pertsona baino gehiagorentzako Egian. Horretaz gain, hiriko saltoki batzuek sobran dituzten produktuak oparitzen dizkiete boluntarioei, eta beste batzuek deskontuak egiten dizkiete. Ildo beretik, Koldok kontatu du noizean behin saretik kanpoko herritarren bat gerturatzen dela Konstituzio plazara, eta dirua ematen diela, «behintzat gastuekin laguntzeko». Egiako bizilagunek sarea diruz laguntzeko aukera ere badute, Kata eta Koskorrio tabernetan elkartasun kutxak baitaude.
Konstituzio plazan afaltzen dutenetako bat da Ahmed [nahiago izan du benetako izena gorde] aljeriarra. Duela sei hilabete iritsi zen Donostiara, eta Konstituzio plazara joaten da gauero, afariaren bila: «Nire egoera berean dagoen jendeak eman zidan afari banaketa hauen berri, eta, ordutik, egunero etortzen naiz; jende on asko dago hemen. GLUZ-ek [Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua] ez dit laguntzarik ematen, soilik pertsona hauen eta Harrera Sareareng laguntza daukat». Aljeriatik bizitza hobe baten bila etorri zen: «Han lana eta janaria nuen, baina justu-justu bizitzeko ematen zidan, eta horregatik etorri nintzen. Hemen, ordea, errealitate gogor batekin egin nuen topo. Orain, behintzat, egunean behin janari beroa jateko aukera dut, eta asko eskertzen da».
Badaude musulmanak ez diren pertsonak ere, Miguel nikaraguarra, esaterako: «Hiru hilabete daramatzat kalean, eta oso gogorra da: ez duzu ohe batean atseden hartzen, ez daukazu bizitza normal bat, ez daukazu errutina bat… Behintzat, pertsona hauei esker, egunean behin otordu bero bat egin dezaket, eta sabela bete ahal izatea eskertzekoa da». Boluntarioen lana goraipatu du Miguelek: «Egunero egiten dutena egiten duten moduan egitea sekulako esfortzua da beraientzat. Bestalde, lehenengo egunetik oso ondo tratatu naute, eta horrek gure artean harreman ona sortzea dakar».
Bertako jendea ere badago kale egoeran; Dani donostiarrak, esaterako, bederatzi hilabete daramatza kalean, eta duela hilabete inguru hasi zen Egiako afari banaketetara joaten: «Oso ondo portatzen ari dira gurekin, eta guretzat garrantzitsua da gutxienez otordu bero bat egitea. Gorputza zure laguna da, eta kasu egin behar diozu: janari beroa eskatzen dizunean, eman behar diozu». Nabarmendu du Donostian jende askok behar duela laguntza: «Oso zaila da kalean egotea, eta ematen duena baino askoz jende gehiago dago kalean Donostian: guztira, 200 inguru izango gara. Gainera, udalak oso laguntza gutxi ematen dizkigu».
Urko ere euskal herritarra da, eta Lasartetik Konstituzio plazara motoz joaten da egunero, berarentzako eta bere emaztearentzako afariaren bila: «Langabeziarengatik kobratzen nuena bukatu zitzaidan, ondoren subsidioa ere bai, eta esan zidaten ezin zidatela laguntza gehiago eskaini. Nire emazteak diru-laguntza txiki bat dauka, baina ez zaigu etxearen alokairua ordaintzeko ere iristen. Nik lan bila jarraitzen dut, baina, momentuz, honi esker jan dezakegu». Batzuetan, afari bila jende asko joaten den egunetan, anoa bakarra baino ezin du eraman, eta bere emaztearekin partekatzen du: «Bi plater eraman beharrean bakarra eraman ahal badut soilik, ez da ezer gertatzen, bion artean banatzen dugu. Eguerdian ez dut ezer jaten, eta gauean behintzat zerbait jan ahal izatea asko eskertzen da». Bestalde, nabarmendu du boluntarioekin duten «tratu humanoa», eta gaineratu du euren lana «balioan» jarri beharko litzatekeela.
Udalarekin harremanetan
Herritarrak gustura egiten ari dira bolunario lana, baina argi dute udalak bere gain hartu behar duela etxerik gabeko pertsonei otorduak banatzeko ardura: «Askotan, geure buruari galdetzen diogu ea noiz arte ibiliko garen horrela. Izan ere, ez dakit noiz arte izango den jasangarria azpiegitura on bat izan gabe egoera hau kudeatzen jarraitzea», azpimarratu du Koldok. Iraitz Etxeberria Egiako boluntarioak ildo beretik jo du: «Helburua da udalak erreakzionatzea eta gu egiten ari garen lana bere gain hartzea». Horretaz gain, udalak ardura bere gain hartu arte, trasteak gordetzeko lokal bat ondo etorriko litzaiekeela nabarmendu dute.
Horregatik, udalarekin hainbat bilera egin dituzte, eta boluntarioek nabarmendu dutenez, «badirudi udalak aurrerapausoak eman nahi dituela».
Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez, udaleko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria eta hainbat teknikari bildu dira boluntario sareekin: «Egoera ezagutzen genuen eta haien eskakizunak entzun eta udalak zer egin dezakeen eta zer ez argitu zitzaien». Horrela, boluntarioak egiten ari diren lana ikusita, beharra duten pertsonentzako elikadura programa bat prestatzen ari direla nabarmendu du: «Azken hilabeteetan egiaztatu dugu kale egoeran dauden pertsonen artean elikadura beharrak asetzea konplikatu dela. Hori dela eta, kale egoeran dauden pertsonei otorduak emateko programa ari gara prestatzen. Zenbait hilabete daramatzagu lanean gai honekin, eta oinarriak aurreratu samar ditugu». Era berean, adierazi du aztertzen ari direla zein aukera dauden programak argia ikusten duen arte boluntarioekin elkarlanean aritzeko. Hala ere, diru publikoa tentuz kudeatu behar dela azpimarratu du zinegotziak: «Diru publikoa ezin da nahi dugun moduan erabili, eta kasu honetan ere Kontratazio Legea bete behar dugu».
Hala ere, San Romanek nabarmendu du udalak badituela etxerik gabekoen beharrei erantzuteko baliabideak: «Donostiako Udala da 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legeak eta 2015eko Zorroaren Dekretuak zehazten duten etxerik gabekoentzako plaza kopurua betetzen duen Gipuzkoako udalerri bakarra, eta gainera, legeak ezarritako plaza kopurua (167) gainditzen dugu. Gainerako udalerri guztietan, berriz, etxerik gabeko pertsonak artatzeko 223 udal plaza falta dira». Zinegotziak datu zehatzak ere eman ditu: «84 plaza ditugu harrera pisuetan, 76 Gaueko Harrera Zerbitzuetan eta 21 bazterketa egoeran dauden pertsonentzako zaintzapeko pisuetan. Bestalde, 2020. urtean, 64 pertsonari eman genien kaletik ateratzeko aukera, eta aurten ere egitasmo honekin aurrera jarraituko dugu».
Horretaz gain, 100dik gora pertsonarentzako otorduak banatzen dituztela azaldu du: Abegi Etxean eta Gaueko Harrera Zerbitzuan ematen dituzten otorduez gain, egunero 25 menu ematen dituzte Intxaurrondoko harrera zentroan, eta 32 janari poltsa banatzen dituzte etxerik gabeko zenbait pertsonaren artean. «Udala sekulako ahalegina egiten ari da eta egiten jarraituko du kale egoeran dauden pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. Hori, baina, legeek ezarritako baldintzak eta profesionalen lana errespetatuz egiten dugu eta egiten jarraituko dugu», gaineratu du San Romanek.
Udalaren esku hartzea ezinbestekotzat jo dute boluntarioek, baina programa hori heldu bitartean, etxerik gabeko pertsonek egunero afari bero bat izaten jarraituko dutela azpimarratu du Hierrok: «Guk hemen jarraituko dugu».
Lan zaila, baina aberasgarria
Montuschik nabarmendu du herritarrak egiten ari diren lana ez dela batere erraza: «Boluntarioa izateak zure poltsikoko dirua gastatzea eta zure denbora inbertitzea suposatzen du, eta psikologikoki ere ez da erraza egoera batzuk kudeatzea». Horrekin bat egin dute boluntario guztiek, baina alde onak alde txarrak baino askoz gehiago direla kontatu dute.
Hierrok eta Etxeberriak, esaterako, Parte Zaharreko eta Egiako boluntario sareetan sartu aurretik, esperientzia zuten elkartasunaren munduarekin –GKE batean lan egiten du Hierrok, eta Zaporeakeko kide da Etxeberria–, baina pertsona batzuen errealitatea eta elkartasuna gertutik ikustea bereziki «gogorra eta aberasgarria» dela azpimarratu dute biek. Etxegabeek bizi duten egoera oso zaila dela ahaztu gabe, afari banaketetan izaten den giro ona goraipatu du Hierrok: «Boluntarioen artean oso harreman ona dago, eta etxegabeek gure lana asko eskertzen digutenez, beraiekin ere harreman polita sortzen da». Etxeberriak, aldiz, herritarren borondate ona azpimarratu du: «Pozgarria da ikustea jendeak laguntzeko borondatea duela, gero eta jende gehiago ari dela sarean izena ematen eta autogestioak funtzionatzen duela».
Era berean, Montuschik aipatu du Harrera Sarearentzat oso mesedegarria izaten ari dela herritarren boluntario lana: «Denbora asko daramagu etxegabeekin lan egiten, eta aspalditik ikusten genuen laguntza asko behar zutela. Pozgarria da ikustea zorigaitzeko egoeren aurrean herri elkartasuna existitzen dela». Hain zuzen, etxerik gabeko pertsonak boluntarioen lana arintzen saiatzen direla azpimarratu du: «Ogiaren bila joateko prest agertzen dira, janaria poltsetan banatzen laguntzen digute, eta abar».
Koldok etxegabeekiko begirada aldatu du egitasmoari esker, eta, berarentzat, hori da alderik onena: «Beste modu batean ikusten ditut. Baten bat dirua eskatzen ikusten dudanean, adibidez, esaten diot, ‘dirua ez dizut emango, baina 20:30ean afaria daukazu Konstituzio plazan’». Gainera, bitxikeria gisa, beste sukaldaritza mota batzuk ikasten ari direla kontatu du: «Lehen kozinatzen ez genituen jaki batzuk kozinatzen ditugu orain, eta espezie gehiago erabiltzen ditugu; hori ez dator gaizki!». Horregatik, beste auzoetako bizilagunak antzeko egitasmoak abiatzera animatu ditu: «Behar handia dagoelako eta esperientzia polita delako».
Itxaropena galtzen den azken gauza dela esan ohi da, eta boluntario sareei esker, Donostiako etxegabe askok ez dute galdu bizitza duinago bat izateko itxaropena. Ahmedek, behintzat, argi dauka: «Dena pasatzen da».