Donostiako bide gehienetan orduko 10 eta 30 kilometro bitarteko abiadura muga izango da
Donostiako errepide batzuen gehienezko abiadura aldatu egingo da maiatzaren 11tik aurrera, eta Trafiko Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako Errege Dekretua "koherentziaz" bete dutela gehitu du Jone Argoitia Mugikortasun zuzendariak.
Maiatzaren 11tik aurrera Donostia “30 hiria” izango dela iragarri du gaur Donostiako Udalak, Pilar Arana Mugikortasun zinegotziaren eta Jone Argoitia Mugikortasun zuzendariaren bitartez. Hiriko errepideen abiadura moldaketa hau Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (TZN) 2020ko azaroaren 11n bultzatutako Errege Dekretuaren arauak beteta egin dute; hirietan gertatzen diren ezbeharren kopurua murriztea da dekretu honen helburu nagusia, eta horretarako, bideen abiadura mugatuko dute.
Hala ere, dekretu honen arauak kasu batzuetan kontraesankorrak izan daitezkeela adierazi dute, eta horren arabera leku batzuetan ezberdin jokatu dutela adierazi dute, beti ere “dekretuak ahalbidetzen dituen salbuespenak kontuan hartuz”. Dekretu honek hirigunean gehienezko abiadurak 30ekoa izan behar duela dio, baina kasu batzuetan handitu edo gutxitu egin daitekeela adierazi dute. Urbieta kalean, adibidez, 40 kilometro orduko abiadura hartu ahal izango da gehienez, eta Pasealeku Berrian 20koa izango da. Abiadura 40ra handitzea batez ere garraio publikoaren jarioa hobetzeko egin dutela adierazi dute: “Dbus eta Lurraldebusekin lanean ibili gara leku batzuetako abiadurak adosteko”, adierazi du Argoitiak.
Hiriko sarrera eta irteeretan 50 kilometro orduko abiadura hartu ahal izango da, baina eskolak gertu dauden eremuetan jaitsi egingo da abiadura: “Mirakruz gainetik Bidebietako biribilgunera gehienezko abiadura 30era jaitsiko da, nahiz eta lehenagotik ere mugatua zegoen”, esan du Aranak. Hala ere, antzeko beste kasu batzuetan ez da murrizketa hau egin, Amara Berri eta Usandizaga ikastetxeen ondoan adibidez, baina Argoitiak eta Aranak ez dute erantzun garbirik eman gai honen inguruan.
Abiaduren mapa
Donostiako Udalak bere webgunean ikusgarri jarri du Donostiako errepide guztien mapa, eta kolorez bereiztu dituzte kaleen zatiak: zuriz, 10km/h; berde argiz, 20 km/h; berdez, 30 km/h; laranjaz, 40 km/h; urdinez, 50 km/h; eta grisez, 80 km/h. Bideen %88,5ak 10, 20 edo 30 km/h muga izango du, eta gainontzekoek 40 edo 50 km/h muga izango dute.
Seinaleztapena
Donostiako sarreretan hiriko bideetan gehienezko abiadura 30 km/h-koa dela adieraziko duten seinaleak jarriko dituzte, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gazteleraz eta frantsesez. Atzealde horia izango dute, deigarriagoak izateko. Bestelako abiadura duten bideetan ohiko seinaleen bidez adieraziko dituzte mugak, baina seinalerik ez duten bideetan 30 km/h-koa izango da muga. Ikastetxeen inguruan ere seinale bereziak jarriko dituzte.
Zigorrak
Ezarritako abiadura mugak ez errespetatzeak 100 eta 600 euro arteko isuna izango du, eta gehienez sei puntu kenduko diote neurria errespetatzen ez duenari. Pilar Aranak gogorarazi du isunak proportzionalak izango direla: “Ez da berdina 30 km/h-ko muga duen bide batean 40ra joatea, edo 50 km/h-ko muga duen batean 60ra joatea. Lehenengoak zigor handiagoa izango du. Bestalde, kontzientziazio epea egongo dela adierazi du Aranak: “Ez gara lehen egunean isunak jartzen hasiko. Hala ere, aurretik aldaketak seinalizatuta zeuden lekuetan bai jarriko ditugula, Mirakruz gainan adibidez”. Radar mugikorren kokapenek publiko izaten jarraituko dutela gehitu du Aranak.
Aldaketa nagusiak
Bide gehienak muga berarekin geratu dira, baina hauek dira aldaketa nagusiak: Nafarroa hiribidean, Jesuitas eskolaren inguruan, 30ekoa izango da muga, eta aurrerago 40koa; Zurriola hiribideak 40ko muga izango du. Urbieta eta San Martin kaleek 40ko muga izango dute, baita Mirakontxa pasealekuak ere. Zumalakarregi hiribidean 40koa izango da, eta Tolosa hiribidean 50era handituko da; Antso Jakituna hiribidean ere 40ra egongo da mugatua abiadura; Fernando Sasiain eta Sibilia kaleetan 40ra jaitsiko dute gehienezko abiadura, Bidebietako biribilgunetik Herrerako biribilgunera bitartean bezala.