Illunben 65 eta 69 urte artekoak txertatzen hasiko dira
Osakidetza 65 eta 69 urte arteko pertsonei koronabirusaren aurkako txertoa jartzeko hitzordua ematen hasi zen atzo (hilak 29) SMS bidez, eta AstraZenecaren botikarekin txertatuko dituzte. Osakidetzak azaldu duenez, Donostian, Illunbeko zezen plazan txertatuko dituzte adin tarte horretakoak, bihartik hasita.
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak atzo aurreikusi zuen 2021eko bigarren hiruhilekoko txertaketa prozesua azkartu egingo zela, eta, hain justu, gaur jakinarazi du AstraZeneca farmazeutikaren 1,5 milioi dosi banatuko dituela autonomia erkidego guztien artean. Horietatik, 120.000 Osakidetzarentzat izango dira. Horrela, hainbat hedabidek argitaratu dutenez, asteburuan hainbat txertatzeko eremutan “txertaketa masiboa” egiteko prestatzen ari dira.
Bestalde, Osakidetzak nabarmendu du aste honetan 70 urtetik gorako biztanle guztiek lehen dosia behintzat jasoa izatea espero duela. Donostian, Illunben ari dira 70 eta 79 urte arteko herritarrak txertatzen, Pfizerren eta Janssenen botikekin. 60 eta 65 urte artekoak ere zezen plazan ari dira txertatzen AstraZenecarekin, eta, esan bezala, asteburuan 65 eta 69 urte artekoak inmunizatzeari ekingo diote. Horretaz gain, Anoetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako langileak eta erabiltzaileak txertatzen ari dira Pfizerren botikarekin.