"Itxaropentsu gaude eskubideen urraketarekin behingoz amaitzeko"
Sare Herritarrak Izan Bidea dinamikarekin jarraitzen du, eta maiatzaren 8an Euskal Herriko 650 tontor igoko dituzte euskal presoen eta iheslarien egoerari irtenbidea eskatzeko. Dinamika honi eta Donostiako presoen egoerari buruz gehiago jakiteko, Sare Donostiako kide den Gurutz Sanzberrorekin (Donostia, 1964) hitz egin dugu.
Maiatzaren 8an Izan Bidea dinamika egingo duzue. Zertan datza zehazki?
Euskal Herriko 650 tontor igoko ditugu egun horretan, euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakea aldarrikatzeko ere.
Dinamika hau urriaren 3rako genuen aurreikusia, baina eguraldi txarra zela eta, bertan behera utzi behar izan genuen, eta mendietara joan beharrean plazak bete genituen.
Oso dinamika polita zela iruditu zitzaigunez, udaberrian egitasmoari berriz heltzea erabaki dugu; espero dugu eguraldi hobea egitea.
Donostian zer egingo duzue?
Itxiera perimetrala eta dauden mugak direla eta, udalerrika antolatu dugu ekimena, eta herri edo hiri bakoitzak bere mendi bat aukeratu du igotzeko. Donostiaren kasuan, bi igoko ditugu, jende pilaketa handiak sahiesteko eta hiriaren punta batetik bestera ez mugitzeko. Hau dela eta, Ulia eta Oriamendi tontorretara igoko gara.
Uliara eskualdearen ekialdeko auzo eta herrietako pertsonak joango dira: Ulia, Herrera, Intxaurrondo, Altza, Trintxerpe eta Bidebietakoak. Oriamendira gainontzeko auzo eta herrietakoak joango dira. Bi kasuetan hainbat zutabe egingo dira, eta tontorretan elkartuko dira; Uliara igotzeko, adibidez, bi zutabe egingo dira, eta Oriamendirako hiru.
Zer egingo duzue tontorretara iristean?
Oriamendira 11:00etan iristeko asmoa dugu, eta Uliara 12:00etan. Bi kasuetan, ekitaldia manifestua irakurtzearekin hasiko dugu, eta gero talde argazkia egitea da gure asmoa. Azkenik, hamaiketako autogestionatua egingo dugu, beti ere distantziak eta segurtasun neurriak bermatuz.
Joan den udan ere Izan Bidea izeneko dinamika egin zenuten. Lotura dago bien artean?
Bai, udako dinamikaren jarraipena da oraingo hau. Udan milaka kilometro egin genituen presoen eta iheslarien etxeratzearen alde. Oraingoan, maldan gora eta maldan behera egingo dugu; indar metaketa bat lortu behar dugula uste dugu.
Bestalde, gizarte aktibazioa oso garrantzitsua izango dela uste dugu, behingoz presoen eta iheslarien auziari irtenbidea aurkitzeko, eta kilometroak egiten eta tontorrak igotzen jarraituko dugu horretarako.
Zer elkarte eta eragile batu dira dinamika honetara?
Euskal Herri osoan kirol elkarte, mendi elkarte eta bestelakoak elkartu dira. Donostian, adibidez, askotariko gizarte eragileen eta gizarte esparruen aktibazioa lortzea da gure helburua. Kasu honetan, egingo dugun ekimenak mendizaletasunarekin lotura hertsia duenez, gonbidapena luzatu diegu Donostiako mendi elkarte guztiei, haien kide eta bazkideei ekimen honen berri eman diezaieten.
Dagoeneko badakigu elkarteetako kide askori zabaldu dietela dinamikaren deialdia eta antolaketa eredua.
Zer iruditzen zaizue joan den astean Donostiako hiru alderdi politikok Miramarren egin zuten adierazpena?
Oso balorazio baikorra egiten dugu Sare Donostiako kideok. Oraingo honetan, alderdi hauek 2020ko abenduaren 11n Euskalduna Jauregian egindako adierazpena berretsi dute; adierazpen honetan, hain zuzen ere, euskal preso eta iheslarien etxeratzea eta salbuespen legedi honekin amaitzea eskatzen zen.
Uste dugu gizarte aktibazioa eta instituzioen lana uztartzeko unea dela, behin betikoz egoera honi irtenbidea aurkitzeko. Euskal presoek Euskal Herrian egon behar dute, eta instituzioek etxeratze prozesua garatu behar dute. Honetarako, ezinbestekoa da gradu progresioa egitea, eta urratzen zaizkien eskubide guztiak bermatzea lortu behar dugu.
Zer adierazpen egin zuten abenduaren 11n?
Gero eta gehiago dira Euskal Herrian presoen etxeratzearen alde dauden instituzio, eragile eta gizarte taldeak. Ildo honetan, Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatu gehienek euskal presoen urruntze politikarekin amaitzea eskatu zuten Bilboko Euskalduna Jauregian.
Uste dugu gero eta gehiago eta pluralagoak garela presoen hurbiltzea eskatzen dugunak, eta itxaropentsu gaude behingoz eskubideen urraketa honekin amaitzeko eta auzi honi konponbidea aurkitzeko.
Zenbat euskal preso donostiar daude oraindik?
Gaur egun hamazazpi donostiar daude preso. Hamazazpi horietatik hamairu Euskal Herritik kanpo daude, bat Zaballan (Araba), bat Iruñean eta beste bi Martutenen.
Preso horietako gehienek eskubideen urraketak pairatzen dituzte. Batzuk motxiladun umeen gurasoak dira; beste batzuek kondenaren hiru laurden bete dituzte, eta beste batzuei ez dizkiete kontuan hartzen Frantziako estatuan bete dituzten zigor urteak, Europako Legedia urratuz. Eskubideen urraketa hauekin amaitu behar dugu.