Maiatzaren Lehenean ez dituzte mugikortasun murrizketak malgutuko
Bihar, Maiatzaren Lehenean, hainbat mobilizazio egingo dituzte hainbat eragilek eta sindikatuk Euskal Herriko herri eta hirietan, Langileen Nazioarteko Eguna dela eta. Donostian, goizeko 11:30etik aurrera mobilizatzen hasiko da jendea. Asteartean Eusko Jaurlaritzak EAEko biztanleei haien udalerrietan mobilizatzea eskatu zien, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren (EAEJAN) esku utzi zuen mugikortasun murrizketak malgutzea bai edo ez.
Azkenean, EAEJANak Eusko Jaurlaritzak esandakoa berretsi du, eta ezingo da herriz mugitu mobilizatzeko; agintariek dekretatutakoaren arabera, askatasun sindikala ezarritako murrizketei lotuta dagoela adierazi du. Hainbat erakundek, eragilek, sindikatuk eta pertsonaia publikok erabaki hau salatu dute, adierazpen eta manifestaziorako askatasunen aurkako eraso gisa sailkatuz. Hala adierazi du Mitxel Lakuntzak, ELAko idazkari nagusiak, EITBn: “Hemen lan egiteko edo bozkatzeko bakarrik mugitu daiteke, eta ez mobilizatzeko”.