Bidebietan kultur etxe bat jartzearen aldeko kanpaina abiatu dute bizilagunek
Bidebietako bizilagunen aspaldiko aldarrikapena da auzoan kultur etxe bat jartzearena, eta helburua lortzeko mugitzen hasi dira. Bidebietako bizilagunen sarearen ekimenez, eta auzoko beste hainbat eragileren babesarekin, kultur etxearen aldeko kanpaina abiatu zuten joan den astean, kartelak saltokietan banatuz.
Bizilagun sareko Jon Tamayok azaldu duenez, auzoko saltoki gehien-gehienek bat egin dute kultur etxearen aldeko kanpainarekin, eta kartela ikusgai jarri dute euren establezimenduetan; sare sozialetan argitaratzeko argazkiak ere egin dituzte, kanpainari babesa adieraziz. Horrela, laster bizilagunen sinadurak biltzen hasiko dira auzoko hainbat establezimendutan, ondoren eskakizuna udalera eramateko.