Uztailean egingo dute 13/13 epaiketa handia, eta lau donostiar epaituko dituzte
Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal presoen defentsan aritutako zortzi pertsona epaituko ditu uztailean, tartean lau donostiar. Guztira, 77 espetxe urte eskatu ditu fiskaltzak haien kontra.
Espainiako Auzitegi Nazionalean egiteke zegoen azken epaiketa handia, 13/13 kasua, uztailaren 12an egingo dute, eta euskal presoekin bitartekari lanak egin izan dituzten zortzi euskal herritar epaituko dituzte, tartean lau donostiar. Auzipetuetako batzuk abokatuak dira. Arantzazu Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi dira epaituko dituzten zortziak, eta Sarriegi, Enparantza, Redondo eta Jauregi dira donostiarrak.
Horietako seik agerraldia egin dute gaur Bilbon, eta azaldu dute fiskaltzak euren aurka 77 espetxe urte eskatu dituela guztira; zazpi eta hemeretzi urte arteko zigorrak eskatu dituzte denentzat. Era berean, euren aurkako polizia operazioa ezker abertzaleak “konfrontazio armaturik gabeko agertoki politikoa” bilatzeko eginiko saiakera zapaltzeko egin zutela salatu dute.
Operazioa 2010eko apirilean egin zuten, eta presoen defentsan aritzen ziren 13 pertsona atxilotu zituzten. “Gure etxeak eta bulegoak hankaz gora jarri, goitik behera miatu, atxilotu eta inkomunikatu gintuzten; bost egunez galdekatu eta gutako hainbatek tortura larriak jasan genituen», nabarmendu dute. Garai hartan, “Euskal Preso Politikoen Kolektiboa agertoki berrira egokitzen laguntzen eta eragile aktiboa izan zedin” lan egiten ari zirela gogoratu dute, baita beste hainbat polizia operazio izan zirela ere; besteak beste, Bateragune kasua eta Herrira plataformaren kontrako operazioa.
Azpimarratu dute ETAren jarduera armatua duela hamaika urte bukatu zela, eta erakundea duela bost urte desegin zela. Horrela ere, “gatazkaren ondorio askok konponbiderik gabe” jarraitzen dutela deitoratu dute, eta Espainiako Auzitegi Nazioanalak horretan izandako rola salatu dute: “Garaiko ‘ezpata hotsak’ egungo ‘toga hotsak’ dira”. Era berean, gogoratu dute Herriraren aurkako auzian konponbide bat lortu zela, eta, horregatik, euren aurkako epaiketa “denboraz eta lekuz kanpo” dagoela salatu dute.
Euskal presoak “atzerapen gehiagorik gabe etxeratzeko garaia” dela azpimarratu dute, baita gatazkaren beste ondorio guztien zauriak “ondo isten saiatzeko” unea dela ere. Gaineratu dute euren ekarpena “agertoki berriaren aldeko apustua sendotzea” izan dela.
Mobilizazioak
Epaiketaren berri emateaz gain, uztailaren 10ean Bilbon eta Donostian mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute auzipetuek. Era berean, Redondo eta Jauregi Egiakoak direnez, hilaren 14an auzo batzarra egingo dute auzoko bizilagunek Plaza Haundin, 18:30ean.