Aurrera doa Amara Berriko haurtxokoa eta gaztelekua Anoeta estadioan jartzeko prozesua
Amara Berriko gaztelekua eta haurtxokoa Anoeta estadioko erdiko sotoan, Ernest Lluch kultur etxean, jartzeko proiektua aurrera doa. Anoeta Kiroldegiak 578 metro karratuko espazioa lagako dio Donostiako Udalari. Lagapenaren prezioa hilean 958 eurokoa izango da eta hogei urteko epea izango du. Bost urteko bi epetarako luzatu ahalko da, gehienez ere hogeita hamar urterako.
Haurtxokoa 5-11 urte bitarteko haurrentzako aisialdirako gunea izango da. Eremu irekia izan arren, hainbat gune desberdinak antolatu dira: jolasgunea (ping pong eta futbolina), jokoetarako etxetxoa, antzeztoki txikia, lurrean jolasteko gunea (puffak, koltxonetak…) eta tailerrentzako eta mahai-jokoetarako gunea. Gainera, hormetan entxufeak jarri dira telebistak, musika aparatuak, ordenagailuak eta abar erabiltzeko. Honetaz gain, Haurtxokoak bere komunak ditu, haurren beharretara egokituak (konketa baxuagoak, pixatoki baxuagoak…).
Gaztelekua, aldiz, 12-17 urte bitarteko nerabeentzako aisialdirako gunea izango da. Eremu ireki honetan hiru eremu bereizi dira: ordenagailuen eremua (lau postu finko eta ordenagailuak, telebista, bideo-kontsolak, puffak eta abar konektatzeko entxufeak), jolasgunea (ping pong eta futbolina) eta tailer-eremua harraska batekin. Gaztelekuak, gainera, biltegi txiki bat izango du barruan.