Eraikinak energia aldetik birgaitzearen garrantziaz ariko dira Miramonen
Donostiako Udalak, Cristina Enea Fundazioaren eta Ascongiren bidez, eraikinak energia aldetik birgaitzearen gaineko jardunaldi bat antolatu du, administrazio publikoen, enpresa espezializatuen eta profesionalen planak partekatzeko eta hirian egindako jarduera arrakastatsuak ezagutzeko.
Jardunaldia bihar izango da, 9:00etatik 12:30era Miramongo Parke Teknologikoaren areto nagusian. Partaidetza zabala izango du: Marisol Garmendia Ekologia zinegotzia, Ana Aizpuru Donostiako Sustapena, Estrategia Adimentsu eta Sektorialeko arduraduna, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze saileko ordezkariak, Adegi, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa, Kursaal Taldea, arkitektura ikasleak eta TEUSA enpresa.
Ordenantza berria
Duela gutxi onartu da eraginkortasun energetikoko udal ordenantza berria. 2009koa hobetzen du, eta orain artekoarekin 2.000 obra baino gehiago egin dira: %70 eraikita dauden eraikinetako inguratzaileei, fatxadei eta terrazei dagozkie, eta %18 eraikin berriei. Gainerakoak jardueretako obrei (%8) eta eraisteei (%4) dagozkie.
Ordenantza berriak eraikitako parkeko CO2 isurien inpaktua murrizten lagunduko du, eraikinei gero eta energia berriztagarri gehiago emateaz gain. Horrenbestez, helburua ingurumenari 7 milioi tona CO2 aurreztea da, hau da, hirian isurtzen diren gas kaltegarri guztien % 21,7, udalak berak egindako ikerketa baten arabera.
Araudi berri honen nondik norakoak isuriak murrizteko hainbat alderdi hartzen dituzte kontuan: eraikin berrien aldeko orientazioa, eta ahalik eta kontsumo txikiena lortzeko, diseinu, material eta fatxada mota egokiak erabiltzea. Gainera, ahal diren eraikinetan, energia berriztagarrien instalazioak jarri beharko dira, eguzki plakak adibidez.
Laburbilduz, energia gehiago aurreztea eta isurketak murriztea da ordenantza honen helburu nagusia, eragindako eraikinetako biztanleen erosotasuna murriztu gabe.