Gipuzkoako abesbatzek kantatzen jarraitu nahi dute
Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak elkarretaratze jendetsua egin zuen igandean Parte Zaharreko Zuloaga plazan, entseatzera itzuli nahi dutela aldarrikatzeko, eta Eusko Jaurlaritzari irtenbide bat eskatzeko. “Abestu nahi dugu eta behar dugu”, aldarrikatu zuten, eta nabarmendu zuten kantatzea segurua dela koronabirusaren aurkako beharrezko neurri zorrotzak hartuz gero. Antzeko mobilizazioak egin zituzten Bizkain eta Araban ere bai. 200 bat abeslari elkartu ziren Zuloaga plazan, eta Kantuz eta Txoria Txori abestu zituzten.
Kantuz bai, ixilik ez! lelopean egin zuten elkarretaratzea, eta manifestarien arteko segurtasun distantziak mantenduta abestu zuten, entseguak modu berean egin ditzaketela azpimarratzeko.
David Azurzak, federazioko presidenteak, irakurri zuen manifestua, eta entseguak ahalbidetzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, baita espazioak egokitzeko diru-laguntzak emateko eskatu ere. Era berean, nabarmendu zuen prest daudela beharrezko neurri guztiak hartzeko, abesten jarraitu ahal izateko. Izan ere, abesbatzek udatik daramate euren jarduera behar bezala egin ahal izan gabe, eta abesbatza batzuk desegin egin dira dagoeneko.
Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan daramate iazko apiriletik, eta udaberrian entseguak berreskuratu bazituzten ere, udan berriz eten behar izan zituzten, eta hala jarraitzen dute. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote elkarrekin irtenbide bat bilatzen saiatzeko, kantatzen jarraitu ahal izateko.