Gipuzkoako hainbat surflari, Antondegiko surf parkearen aurka
Donostiako eta Gipuzkoako kostaldeko hainbat herritako surflari ezagun ugarik bat egin dute Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan plataformarekin, eta hamabost arrazoi aurkeztu dituzte Martuteneko Antondegi gainan olatu artifizialen parke bat egiteko proiektuaren aurka. Donostian, surfaren munduko pertsona hauek sinatu dute adierazpena: Arkaitz Bardajik, Raul Getek, Jabi Iraizozek, Urko Otxoak, June Torrealdaik, Janire Virgalak eta Jon Mikel Zubeldiak.
Surflariek argudiatu dute olatu parkeak ez diola euren eskari bati erantzuten: “Udalak ez du inolako kontsultarik egin surflarion komunitatean. Iruditzen zaigu proiektu honek ez diola mesederik egiten ez gizartearen interes orokorrari, ezta surflarion interesei ere”. Era berean, salatu dute olatu parkeak Wavegarden enpresak (proiektua gauzatuko lukeen Euskal Herriko enpresa) ezarritako irizpideak betetzen dituzten surflariek eta txapelketa jakin batzuetan ibiltzen direnek soilik erabili ahalko luketela, eta sarrerak oso garestiak izango liratekeela: “Batez besteko prezioa orduko 60 euro baino gehiagokoa da”. Gainera, gogoratu dute enpresak baduela parke bat Aizarnazabalen, Donostiatik 25 kilometrora.
Bestalde, argudiatu dute Antondegiko parkeak “surfaren artifizializazioa” areagotuko lukeela, eta gogoratu dute “naturarekin lotura” duela oinarrian. Horretaz gain, nabarmendu dute olatu artifizialek ez dutela eliteko surflarien prestakuntzan laguntzen, eta, ildo horretatik, azpimarratu dute olatu artifizialekin egin izan diren txapelketak “oso eskasak” izan direla: “Itsasoaren berezko magiarik gabe, eta erabat aurreikusi daitezkeen olatu mekanikoak eskaintzen dituen igerileku batean, lehiaketa aspergarria eta interesik gabea da”.
Oso ingurumen ondorio txarrak izango lituzkeela ere salatu dute, Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan plataformaren argudio nagusietako batekin bat eginez, eta, gainera, egunen batean erabiltzaile guztientzako irekiko balute, “masifikazioa areagotu” egingo luketela azpimarratu dute. Ildo beretik, parkeak masa turismoa areagotuko lukeela deitoratu dute, eta azaldu dute hori ez litzateekela jasangarria izango. Era berean, trantsizio energetikoan “atzerapauso handia” izango litzatekeela adierazi dute.
Surflarien beste argudioetako bat da “itsasoaren aldamenean olatu artifizialen instalazio bat eraikitzea zentzugabea” dela, eta, gainera, halako azpiegiturak “Europako Batasunaren jarraibideen guztiz aurkakoak” direla gogoratu dute.
Halako proiektu bat surfaren izenean proposatzeak “min handia” egiten diela deitoratu dute, eta nabarmendu dute “garaiz” dela proiektua geldiarazteko: Iparraldeko surflarien komunitateak Donibane Lohizunerako aurreikusita zegoen (Donostiatik 33 kilometrora) enpresa beraren antzeko proiektu bat geldiaraztea lortu du duela gutxi (2020ko abenduan). Ziur gaude hemen ere asko eta asko garela proiektu honekin bat ez gatozenak, eta herritarrak prest egongo direla gure arrazoi zentzuzko eta sendo hauek entzuteko”.
Surfrider Foundation Europe, Eguzki Erakunde Ekologista, Fridays for Future, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Parkea Bizirik Kukulunbera, Itsas Enara eta Bizilagunekin eragileek osatzen dute Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan plataforma, Greenpeace, Surf & Nature Alliance eta SEO-Birdlife erakundeen babesarekin. Donostiakoez gain, aipatu eragileekin bat egin duten surflariak honakoak dira: Unai Aizpurua, Andoni Fernandez Ostolaza, Aurora Makazaga, Iñigo Urdinaga, Lo Eizagirre, Miriam Imaz, Mikel Troitiño, Ganix Arakistain, Iñigo Herrero, Alex Uranga, Mikeldi Olabarria, Ibon Pazos, Ramon Pereira, Surf & Nature Alliance, Juan Jose Gonzalez-Trueba eta Tony Butt.