"Bilintxek bizirik dirau, eta hala jarraituko du luzaroan"
190 urte bete dira Indalezio Bizkarrondo 'Bilintx' Donostiako bertsolari handia jaio zenetik, eta, haren omenez, 'Bilintxen Menda' hamabostaldia egiten ari dira Donostian. Xabier Euzkitze (Azpeitia, 1966) bertsolari eta kazetaria dabil hamabostaldiko koordinazio lanetan, eta bere eskutik aztertu dugu Bilintxen figura, baita egitasmoaren nondik norakoak ezagutu ere.
Zergatik antolatu duzue ‘Bilintxen Menda’ hamabostaldia?
Bi arrazoi uztartu dira egitasmoa antolatzeko. Alde batetik, Bilintx bertsolari donostiar erromantiko handiak aurten 190 urte beteko lituzkeela, eta, bestetik, Donostiak bere bertso plaza izaera aldarrikatu nahi zuela. Donostia oso plaza garrantzitsua izan da beti bertsolarientzat; hiriburu nagusia, zalantzarik gabe. Horrez gain, bertsolari txapelketa nagusien finalak Donostian jokatu ziren BEC eraiki zuten arte eta Bertso Eguna ere, ibiltari bihurtu zen arte, auskalo zenbat hamarkadatan egin zen Donostian. Udaleko Euskara Zerbitzuak bertso plaza izaera hori aldarrikatu nahi zuen, eta Bilintxen jaiotzaren urteurrenarekin uztartu dugu egitasmoa.
Joan den astean abiatu zenuten hamabostaldia, ezta?
Entsegu musikatu bat egin genuen, bai. Lau bertsolari izan ziren tartean: Agirre anaiak, Unai eta Eñaut, eta Arzallus neba-arrebak, Amets eta Maialen. Imanol Kamio eta Joxean Goikoetxea izan zituzten bidelagun. Antzoki Zaharrean egin zuten emanaldi musikatua, Bilintx bera atezain izan zen lekuan bertan. Bilintxen figuraren inguruan ardaztu zuten gehienbat, baina ez soilik. Garaiko bertsolariak ere gogoratu zituzten, eta hainbat bertso sorta kantatu zituzten. Han egon zirenak oso gustura atera ziren.
Gaur daukazue hurrengo saioa.
Gaurkoa mahai inguru bat izango da, Okendo Kultur Etxean. Ez zaio inori burutik pasako duela bi mendeko bertsolari bat jatorriz erabat euskalduna izan ez zitekeenik, baina Bilintxek bazituen hemendik kanpoko sustraiak ere bai. Bizkarrondo Ureña ziren Bilintxen abizenak, haren amaren aita Huelvako Ayamonte herrian jaiotakoa baitzen. Gaur egun, sozialki, jatorriz eta ikasketa mailari dagokionez, bertsolarien profila erabat aldatu da: ni bertsotan hasi nintzenean, bertsolari gehien-gehienak baserri girokoak ziren, eta gaur egun ez dago giro horretako ia bertsolaririk; gehienak kaletarrak eta unibertsitate mailako ikasketak bukatutakoak dira.
Hortik abiatuta, hiru bertsolari izango ditugu mahai inguruan. Batetik, Jon Maia, jatorri ez euskaldunekoa. Bestetik Aitor Servier, etxean euskararik jaso ez duena. Azkenik, Jone Uria, guraso euskaldun berrien alaba. Hiru profilak desberdinak dira, euren artean osagarriak. Izan ere, bertsolariak, zalantzarik gabe, giro euskalduna behar du bere sena garatzeko, baina batzuek seaskatik dute giro euskalduna inguruan, eta beste batzuek gerora aurkitzen dute giro hori.
Datorren astean Imanol Lazkanoren hitzaldi bat antolatu duzue. Nolakoa izango da?
Hilaren 11n izango da. Hitzaldiak ematen dituzten bertsolariak asko dira gaur egun, baina Imanol Lazkanok ez: 7.000 bertso saio ingurutan parte hartu duela kalkulatu du berak, baina ez du sekula hitzaldirik eman. Nik pentsatu nuen bertsolaritzak izan duen bilakaeraren eta aldaketen lekuko bikainik baldin bada, denetan behinena Imanol Lazkano da. Batetik, 85 urte dituelako, eta, bestetik, bere bizitzan badelako data esanguratsu bat: 1936a. Txirrita [Jose Manuel Lujanbio Retegi] bertsolaria urte hartan hil zen, eta Imanol Lazkano urte berean jaiotakoa da. Alegia, ez zuten elkarrekin bertsotan egin, noski, baina garaiko bertsolari gazteek, Basarrik [Inazio Eizmendi Manterola] eta Uztapidek [Manuel Olaizola Urbieta] bereziki, Txirritarekin kantatu zuten hura oso heldua zenean. Ondoren, Basarrirekin eta Uztapiderekin kantatu zuen Lazkanok, hau da, bidelagun berberak izan dituzte Txirritak eta Lazkanok. Era berean, Imanol Lazkanok ezagutu eta bizi izan dituen aldaketetako bat aldaketa estetikoa da. Garai hartan, bolada batean behintzat, bertsolaririk gehienek kantatu izan zuten traje eta gorbataz. Oraingo gazteetan, aldiz, piercingak dira oso ohiko. Hortik otu zitzaigun Lazkanoren hitzaldiaren izenburua: Gorbatatik piercingera.
Bestalde, baserri giroko bertsolaritza ezagutu zuen Lazkanok, aro modernoan ere txapelketetan parte hartu izan du, bere garaiko bertsolari bikainenetako bat izan da eta aparteko trebezia izan du belaunaldiz belaunaldi bertsolari berriekin batera kantatzeko. Basarrirekin eta Uztapiderekin ibili zen lehenengo, Lasarterekin [Manuel Lasarte Arribillaga], Lazkao Txikirekin [Joxe Migel Iztueta Kortajarena] Xalbadorrekin [Fernando Aire Etxart ] eta Mattinekin [Treku Inharga] ondoren, baina baita Gorrotxategirekin, Amurizarekin, Lopategirekin, Sebastian Lizasorekin, Andoni Egañarekin eta nirekin ere. Are gehiago, gu baino gazteagoak direnekin ere aritu da: Iturriagarekin [Unai], Elortzarekin [Igor], Maialenekin [Lujanbio], Mendiluzerekin [Aitor], Ametsekin [Arzallus] eta Maialen Arzallusekin, besteak beste. Horregatik guztiagatik, pentsatu nuen, ‘Imanol Lazkanok gauza ederrak esango lizkikek, baina kostako zaidak konbentzitzea’. Ordea, telefonoz deitu nion, ideia aurkeztu nion, eta berehala eman zidan baiezkoa. Hori bai, lanak izango ditugu bere hitzaldia ordubetera mugatzeko. Nik gidatuko dut emanaldia, gaiak plazaratzeko eta denbora kontrolatzeko.
Bertso saio batekin amaituko duzue hamabostaldia.
Goi mailako bertso saio bat egingo dugu. Andoni Egaña beteranoa, Alaia Martin, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi (donostiarra izanik, Bilintxen oinordekoa da Beñat) egongo dira bertso saioan. Laukote zoragarria da. Joxerra Gartziak egingo ditu gai jartzaile lanak, eta hori ere berezia da, urteak baitira lan horiek utzi zituenetik. Ordea, Gartziak ere berehala eman zidan baiezkoa.
Norbaitek ez balu Bilintx ezagutuko, nola azalduko zenioke nor izan zen?
1831. urteko apirilaren 30ean sortu zen Donostiako familia umil batean. San Bizente elizan batailatu zuten, eta donostiar koxkeroa zen. Ez zuen zorte handirik izan. Mutikoa zela, eskaileretan erori eta aurpegia erabat desitxuratu zitzaion, eta iritsi zaizkigu argazki bakarretan ikusten da nola gelditu zitzaion aurpegia. Berez mutiko lotsatia izango zela, baina nik uste dut horrek bere baitakoago bihurtu zuela. Ondoren, Donostiako festa batzuetan zebilela, sokamuturrean zezen batek harrapatu eta herren utzi zuen. Gauza horiek eragin handi samarra izan zuten bere izaeran.
Egin zituen amodio bertsoengatik da bereziki ezaguna, eta hortik dator Bilintxen Menda izena: “Askok diote kantetan beti amore-kontu naizela. Nik esaten det arriturikan beti orrela daudela: Zer egin biat baldiñ zerubak doatu banau onela. Ez dute ikusten usaya mendak bere jatorrez dubela? Nere biotzak amoriua mendak usaya bezela”, dio bere bertso batek. Bere garaiko bertsolaria izan zen, eta garai hartako gizarteaz bertso sorta mamitsuak egin zituen. Satira ere asko landu zuen. Bertsolari gisa, oso hizkuntza aberatsa zuen, eta bertsotarako molde naturala eta oso-oso gustagarria zuen.
Bere bizitza tragikoaren bukaera ere halakoxea izan zen. Bi karlistaldien artean bizi izan zen, eta bigarrenak bete-betean harrapatu zuen. Donostian gehien-gehienak liberalak ziren, eta halakoa zen Bilintx ere, oso lerratua eta konprometitua gainera. Bigarren Karlistaldian, San Sebastian egunez, etxean traje berria janzten omen zebilen, Usurbilgo Arratzain baserritik hainbat bonba eta granada jaurti zituztenean; hamazazpi bota zituzten, antza denez. San Sebastian egun hartan danbor hots baino bonba hots gehiago izango ziren. Bonba haietako bat bere etxeko leihotik sartu zen eta hankak harrapatu zizkion. Hanketako bat berehala moztu zioten eta bestea geroxeago. Sei hilabete pasa zituen sekulako oinazeekin, eta halaxe hil zen.
Bertsolaritzari dagokionez, bertsolari erromantikoa, gustagarria eta goi mailakoa izan zen. Bere garaiko izan handienetako bat izateaz gain, bertsolaritzaren historia osoa aintzat hartuta ere, izan den bertsolaririk handienetako bat izan zen. Bizitzari dagokionez, aldiz, nahiko zoritxarrekoa eta iluna izan zen bere bizitza.
Nahikoa aitorpen duela uste duzu?
Ez dakit zer esan. Donostian kaletxo bat baino ez dauka. Alde batetik indarra du kale horrek, Bilintx atezain izan zen Antzoki Zaharraren albo bat hartzen baitu. Bestetik, ordea, ezkaratzik eta ataririk gabeko kale bat da, eta halako kale bat ez da ia existitu ere egiten; ez da inor bizi Bilintx kalean. Hala ere guztiz ere, Txirritak esan zuenean “nere aipamenak izango dira beste 80 urtian”, orduko bertsozaleei irudituko zitzaien asko esaten ari zela. Bada, 80 urte pasa dira, eta Txirrita gogoan dugu. Baina Bilintx hil zenetik askoz urte gehiago pasa dira, eta euskal kantutegiko piezarik ezagunenetariko batzuk bereak dira: Triste bizi naiz eta, esaterako. Edozein kultur arlotan bere onena ematen saiatu den norbaitentzat, ez dago denboran irautea baino sari hoberik, eta Bilintxek bizirik dirau, eta hala jarraituko du luzaroan.
Beñat Gaztelumendik Bilintxi buruzko iritzi artikulu bat idatzi zuen joan den astean hedabide honetan, eta, besteak beste, zioen Bilintx Donostia euskaldun baten ondorio zela. Uste duzu Bilintx gustura egongo litzatekeela gaur egungo Donostian?
Baietz pentsatzen dut. Jakina, bonba hark harrapatu aurreko Bilintx bere traje berriarekin gaur egungo Antzoki Zaharraren aurrean jarriko bagenu, sekulako talka izango litzateke. Donostia, herri koxkor bat zen bere garaian, eta argi dago herri erabat euskalduna zela. Ordea, urteak pasa dira, eta, orduan ez bezala, euskarazko irakaskuntza bermatuta daukagu, eta gaur egungo Donostia handi horretatik atera dira Gaztelumendiren moduko harribitxiak. Bilakaerak sekula ez dira erabat guk nahi bezalakoak izaten, baina bilakaera horretan oso alderdi positiboak daude azpimarratzeko. Horietako bat da horixe: orduko bertsolaririk handienetako bat donostiarra zen, eta gaur egungo bertsolaririk handienetako bat ere donostiarra da.