"Garberako gerentzia traba asko jartzen ari da"
Greban jarraitzen dute H&M dendetako langileek. Multinazionalak bi denda zituen Donostian, eta horietako bat dagoeneko itxita dago. Jon Pikabea eta Mamen Irastorza langileekin hitz egin du hedabide honek.
Zer dela eta hasi da H&M enpresa multinazionala langileak kaleratzen?
Jon Pikabea (J.P.): Denda bakoitzera komunikatu bat bidali zuten, eta bertan denda bakoitzaren gain hartu zuten erabakia helarazi ziguten. Batzuen kasuan denda itxiko zutela zioten, eta beste batzuenean langile batzuk kaleratu edo jardunaldiak murriztuko zituztela zioten.
Noiz jakin zenuten?
Mamen Irastorza (M.I.): Duela hogei egun edo.
Zer dela eta hartu dituzte erabaki hauek?
J.P.: Uste dugu enpresaren digitalizazioagatik hartu dutela. Jendeak gero eta gehiago erosten du Internet bidez, eta koronabirusak joera hau areagotu egin du. Une hau aprobetxatu du enpresak digitalizazioa muturrera eramateko eta denda fisikoak ixteko.
Donostian zenbat dendari eragin diote?
M.I.: Bi dendari eragin diote: Askatasunaren hiribideko COS dendari, eta Garberako H&M dendari. COS denda itxi egin dute jada.
Eta langile horiek kaleratu egin dituzte?
M.I.: Printzipioz etxean daude ordaindutako baimen batekin, baina ez dakigu zer gertatuko den haiekin.
J.P.: Oraindik negoziaketetan ari dira, eta linbo batean daude denda horretako langileak. Denda itxi dute, eta langileren bat birkokatzen saiatzen ari dira.
Nolakoa da Garberako H&M dendako langileen egoera?
J.P.: Garberako eta Txingudiko H&M denden egoera antzekoa da: pertsona batzuk kaleratu egin dituzte, eta beste batzuei jardunaldia murriztu diete.
Ze erabaki hartu dituzue zuek egoera honi aurre egiteko?
J.P.: Greba egiten hasi gara. Duela bi aste ostegun, ostiral eta larunbatean egin genuen greba, eta aurreko astean ostegun eta ostiralean. Nahikoa ez zela ikusten genuenez, greba mugagabeari ekin diogu, eta egunero ari gara protestan dendaren aurrean. Presioa egitea besterik ez dugu, eta horretan jarraituko dugu.
M.I.: Enpresak hartutako erabaki hauek langileengan gutxiengo eragina izatea da gure helburua oraintxe bertan. Orain arte dakigunaren arabera, langile guztien baldintzak aldatuko dira. Enpresak duen helburu nagusia asteko 30 ordutik gorako lanaldiekin amaitzea da, eta ahal dela, 24 ordutik beherakoak ezartzea.
Horrek, gainera, lan karga handitzea eragingo du, eta esan bezala, denbora asko daramagu estres eta lan karga oso altuarekin. Plantilla oso mugatua da eta ez dugu lana ondo egitea lortzen, eta jardunaldi osoak kentzen badituzte egoerak okerrera egingo du.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
J.P.: Zaila da esatea, negoziaketak amaitu arte itxaron beharko dugu.
M.I.: Espero dugu egiten ari garen presioak fruituak ematea. Kaleratzeak Espainiako estatu osoan zehar ari dira egiten, eta Euskal Herriko dendetan egiten ari garen protestak gainontzeko probintzietara iristen ari direla ikusi dugu. Tarragonan, Ourensen eta Kantabrian, adibidez, grebari ekin diote, eta hori enpresari ez zaio gustatzen. Protestek eragina izango dutela uste dut, baina ez dakit zehazki zenbateraino.
Ze jarrera hartu du Garbera zentro komertzialeko gerentziak?
J.P.: Traba asko ari dira jartzen. Ez dute buila egiten ari den jenderik nahi, eta Ertzaintzari deitzen diote beti. Ez dira gauzak erraz jartzen ari, baina guk baimenak eskatu ditugu, eta protestak legezkoak dira.