Kolonbiako protestetan poliziak eta armadak egindako hilketak salatu dituzte
Kontaketa ez da zehatza, baina Kolonbiako poliziak eta armadak 31 pertsona inguru hil ditu herrialde amerikarreko hiri nagusienetako kaleetan, azken zortzi egunetan biztanleek egin dituzten protestetan. Hilketa hauek salatzeko, elkarretaratzea egin dute Bulebarreko Kioskoan, eta jendetza bildu da. Hainbat alderdi politiko, gizarte eragile eta sindikatu batu dira manifestazioaren deialdira. Demokrazia, bakea eta askatasun politiko eta sindikalak aldarrikatu dituzte, besteak beste.
Gertakariak
Kolonbiako Gobernuak apirilaren amaieran zerga-lege proiektua onartu zuen, besteak beste, eta biztanle askok protestara jo zuten, onartu berri zituzten lege-proiektu horiek zaurgarrienen aurka egiten zutela esanaz. Apirilaren 28an greba orokorra egin zuten, eta ordutik Kolonbiako hiri nagusienetan protestara atera dira milaka pertsona. Ivan Duque presidenteak, baina, gogor egin du protesten aurka, eta apirilaren 28an bertan Kolonbiako Indar Publikoa zabaltzea agindu zuen, eta maiatzaren lehenean, langileen nazioarteko egunean, Kolonbiako kaleen militarizazioa ahalbidetu zuen.
Kaleko presioak altua izaten jarraitzen zuen, eta polizia eta armada suzko armak erabiltzen hasi zen protestan zeuden pertsonen aurka. Kontaketa ez da zehatza, baina 31 hildako inguru eta 100 desagertu baino gehiago daude orain. Maiatzaren 2an, Ivan Duque presidenteak lege-proposamena bertan behera utzi zuen, eta alderdi politikoei zerga-lege berria diseinatzeko dei egin zien; hala ere, oposizioko alderdiei ez die lege hori diseinatzeko lagutza eskatu. Azkenik, maiatzaren 3an, Alberto Carrasquilla ogasun ministroak bere kargua utzi zuen.