Donostiako intzidentzia metatua behera egiten ari da
63 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo, eta une honetan, hiriko intzidentzia metatua 574,04koa da: behera egin du. Bihar azalduko ditu Eusko Jaurlaritzak alarma egoera amaitu eta gero indarrean sartuko diren neurriak.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 63 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 574,04koa da, eta behera egin du. Joera gorakorra mantendu ostean, gaurkoa laugarren eguna da intzidentzia metatuaren beherakadarekin. Izan ere, 588,30ekoa zen intzidentzia metatua atzo, 606,94koa zen herenegun, eta 614,07koa zen, berriz, astelehenean. Intzidentzia metatuaren joera aldatzen hasi dela dirudi, eta hainbat astetako goradakadaren ostean, beheranzko joera nabarmentzen ari da.
Donostiak perimetralki itxita daramatza bi aste. Ondorioz, Donostiako mugak itxita daude, eta zenbait neurri murriztaile daude indarrean. Batetik, ostalaritzaren barnealdeko ordutegia murriztu dute: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era baino ezin da tabernen eta jatetxeen barruan egon. Bestetik, apustu-etxeek ostalaritza zerbitzua barruan baino ezin dute eman, zehaztutako ordutegietan. Gainera, ezin dira lau pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, baina kirolari profesionalak eta federatuak neurri horretatik salbuetsita daude. Aldagelak eta dutxak itxita daude; igerilekuetan %35eko pertsona kopurua onartzen dute, eta dutxak bakarka erabili ahal dituzte.
Donostia itxita badago ere, inguruko udalerrietara joateko aukera dago erosketak egiteko edo aire libreko kirola praktikatzeko.
Gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitzen dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan –kanpoaldean, soilik–. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Hala ere, maiatzaren 9an amaituko da alarma egoera Espainiako Estatuan, eta Eusko Jaurlaritza zenbait neurri mantentzea aztertzen ari da. Bihar egingo dute publiko dekretua, eta biltzeko eskubidea, mugikortasuna eta gaueko ordutegiak arautuko dituzte Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, auzitegiek hartutako neurriak ontzat ematen badituzte.
Txertaketari dagokionez, Illunben 65 eta 69 urte artekoak txertatzen ari dira.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak behera egin du sei osasun eremutan, eta Altza-Rotetan, Aieten, Grosen, Amara-Erdialdean eta Bidebietan gora egin du:
- Altza-Roteta: 632,81
- Amara Berri: 627,63
- Loiola: 613,25
- Aiete: 609,66
- Egia: 601,92
- Parte Zaharra: 527,46
- Intxaurrondo: 499,47
- Ondarreta: 466,77
- Gros: 449,14
- Amara-Erdialdea: 396,62
- Bidebieta: 333,01
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Altza-Roteta: 10
- Gros: 9
- Amara-Erdialdea: 9
- Amara Berri: 8
- Ondarreta: 7
- Aiete: 6
- Bidebieta: 3
- Parte Zaharra: 3
- Egia: 2
- Intxaurrondo: 1
- Loiola: 1