Azora putre funtsa Groseko bizilagun batzuk kaleratzen saiatu dela salatu dute
Donostialdeko Okupazio Bulegoak salatu duenez, Azora putre funtsa Ategorrieta kalean duen eraikineko bizilagun batzuk kaleratzen saiatu zen ostegunean. Azaldu dutenez, Ertzaintza bertaratu zen, eta Azorak aurretik hustutako etxebizitza batean bizi ziren gazte batzuk kaleratzen saiatu ziren, “bizilagunak eta bertan bizi zirenak beldurtu nahian”. Egoera salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur, ostiralean, Nafarroa Beherea plazan, 20:00etan.
Saretxek, Groseko etxebizitzaren aldeko sareak, kaleratze saiakera gaitzetsi du, eta Ertzaintzaren jarrera salatu du: “Kapitalismoaren morroi den polizia autonomikoa Azorako bizilagun bat kaleratzen ahalegindu da, bigarren horren aginduz, noski”. Era berean, auzoan bizi ahal izateo borrokatzen jarraituko dutela nabarmendu dute: “Auzoan sareak josten eta eraikitzen jarraituko dugu, gurea dena berreskuratu arte. Ez gaude prest bizilagunak alde egiten ikusteko. Ez ditugu Azorak ezarritako baldintzak onartuko, isilpeko erbersteratzeak ere kaleratzeak direla argi utzi nahi dugu”.
Horrela, Azora “negoziazio mahai bat” irekitzera deitu dute, arazoarentzako irtenbide bat bilatzeko. Horrez gain, bizilagunak antolatzera deitu dituzte “soilik antolatuta egin ahalko baitiogu aurrera”. Horregatik, Donostialdeko Okupazio Bulegoaren mobilizazioarekin bat egin dute.