Etxebizitza eredua aldatu, Donostian bizi ahal izateko
Etxebizitza izan zuten hizpide asteartean San Telmo Museoko 'Se puede vivir en Donostia?' mahai inguruan. Juana Otxoa arkitektoak, Michela Lamedica Abaraskako kideak eta Rafael Farias Etxegintzako zuzendariak aztertu zuten gaia, eta Itxaro Latasa arkitektura irakasleak egin zituen moderatzaile lanak.
Juana Otxoa, Michela Kamedica eta Rafael Farias Donostiako etxebizitzari buruz aritu ziren San Telmo Museoan, eta Itxaro Latasa izan zen moderatzailea. (Argazkia: Beñat Parra) Posible al da Donostian bizitzea? Donostiar ugarik behin baino gehiagotan egin diote galdera hori euren buruari, gaur egun, herritar askoren buruhauste nagusienetako bat baita etxebizitzarena. Galdera horretatik abiatuta, etxebizitzaren auzia aztergai izan zuten hainbat adituk asteartean San Telmo Museoan, Donostia 2030 zikloaren barruan.
Itxaro Latasa moderatzaileak hainbat datu mahaigaineratu zituen, besteak beste, Donostiak urteak daramatzala Espainiako Estatuko alokairuaren prezio garestiena edo bigarren garestiena izaten, etxe turistikoen eta hotelen gorakadak hiriko etxebizitzaren merkatua tenkatzen duela eta «alokairuaren kultura gutxi» dagoela, hiriaren «merkantilizazioak» sortutako «segurtasun faltagatik». Horrela, «posible al da Donostian bizitzea?» galdetu zien hizlariei.
«Posible izan behar du», adierazi zuen Juana Otxoak, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Gipuzkoako presidenteak, eta nabarmendu zuen udalerri mugakideetara joateak «aukera bat» izan behar duela, eta ez «behar bat». Horregatik, eraikitako etxebizitza parkea eta gaur egungo gizartearen behar berriak aztertzearen alde agertu zen: «Eustaten azken datuen arabera, etxebizitza bakoitzeko 1,98 pertsona daude Donostian, eta aurreikusten da 2035erako biztanleriaren heren batek 65 urte baino gehiago izatea. Horregatik, ezin dugu duela 50 urte bezala eraikitzen jarraitu, behar berrietara egokitutako etxebizitzak behar ditugu».
Ildo horretatik, Mugak Arkitektura Bienalean ateratako ondorioak nabarmendu zituen: «Etxebizitza moldakorrak, irisgarriak eta eraginkorrak behar ditugu, eta etxebizitzen parke publikoa handitu behar dugu». Adibide argi bat jarrita azaldu zuen nola lortu daitezkeen ezaugarri horiek betetzen dituzten etxeak: «Adineko pertsona asko bakarrik bizi dira 100 metro koadro inguruko etxebizitzetan, baina ez dute horrenbeste espazio behar, eta, gainera, etxe osoa berotzea kostatzen zaie. Zergatik ez dugu etxebizitza hori bitan bereizten? Horrela, ez genuke pertsona hori deserrotuko, bere bizitza hobetuko genuke, eta lortu dugun beste zatia parke publikora pasa dezakegu». Donostian 4.000 etxebizitza huts inguru daudela gaineratu zuen arkitektoak, eta horiek etxebizitza babestu bihurtzeko birgaitzearen alde ere egin zuen.
Etxebizitza babestuen kopurua handitzeko bidean, Vienako (Austria) eredua erabili zuen adibide gisa: «Han 100 urte daramatzate etxebizitza babestuak eraikitzen, eta hamar etxebizitzatik zortzi jabetza publikokoak dira. Gainera, alokairuaren prezioa mugatuta dago, eta, gutxi gora-behera, hiriaren erdigunean 600 euro ordantzen dituzu 80 metro koadroko etxe batengatik. Viena Donostia baino askoz handiagoa da, baina ikasteko eredu ona da».

Ordaindu dezaketen etxebizitza bat alokatzea buruhauste bat da donostiar askorentzat. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Rafael Fariasek, Etxegintzako zuzendariak, gogoratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) Espainiako Estatuan «aitzindaria» izan zela etxebizitza politikak garatzen, eta EAEko hirien artean, Donostia dela etxebizitza babestuetan diru gehien inbertitzen duen hiria. Datu batzuk ere eman zituen: «90.000 etxebizitza inguru daude Donostian, eta %94 lehenengo etxebizitza gisa dago katalogatuta. Bestalde, soilik etxebizitzen %14 da alokairuzkoa, eta jabe handien kasu batzuk kenduta, etxe horien jabe gehienak norbanakoak dira, hau da, alokairuaren merkatua ez dago batere profesionalizatuta. Era berean, alokairuzko 2.000 bat etxebizitza babestu ditugu (kopuru osoaren %2 inguru), eta, gainera, okupatuta daude. Kopuru horrekin, oso zaila da merkatuan eragitea».
Horrela, Farias ere etxebizitzen parke publikoa handitzearen alde agertu zen, eta Otxoak proposatutako bidearen alde egin zuen: «Donostian oso espazio gutxi geratzen da eraikitzeke, beraz, eraikita dagoena birgaitu behar dugu, behar berrietara egokitzeko, irisgarriagoa izateko, jasangarriagoa izateko eta parke publikoa handitzeko. Horretarako, ordea, aurrekontuak handitu behar dira, birgaitzea etxebizitza gehiago eraikitzea baino zailagoa baita».
Etxebizitza kooperatiboak alternatiba gisa
Etxe babestuen kopuruaren alde agertu zen Michela Lamedica Abaraska etxebizitza kooperatiboen kolektiboko kidea ere bai, baina, horretarako, beste etxebizitza eredu baten alde egiteko proposatu zuen: «Abaraskan etxebizitza kooperatiboak proposatzen ditugu alternatiba gisa. Halakoetan, pertsona talde bat kooperatiba moduan antolatzen da, eta bizi diren eraikina kooperatibarena izatera pasatzen da. Erabiltzaileei espazioaren erabilera lagapena ematen zaie, eta komunitateak pertsonen beharrak jartzen ditu erdigunean, modu parte-hartzailean». Era berean, gaineratu zuen etxebizitza kooperatiboekin espekulazioari aurre egin ahal zaiola: «Espazioa erabiltzeagatik egin beharreko ekarpen ekonomikoa kooperatibak zehazten duenez, espekulazioa saihesten dugu».
Gaur egungo egoeran, halako alternatibak planteatzea ezinbestekotzat jo zuen Lamedicak: «Etxebizitza bermatu gabeko oinarrizko eskubide bat da Donostian. Higiezinen burbuila, lehertzetik urrun, gero eta gehiago hazten ari da, pandemia garaian alokairuaren prezioa jaitsiera bat izan ez duen hiri bakarra da Donostia, eta etxebizitza babestuen eskaria handia da, baina kopurua oso txikia. Horregatik, erakunde publikoen eskutik aldatu behar dugu eredua, euren betebeharra baita etxebizitzaren eskubidea bermatzea».
Etxebizitzak asko kezkatzen ditu donostiarrak, eta horren erakusgarri da San Telmo Museoko aretoa bete egin zela mahai inguruko hizlarien gogoetak entzuteko. Argi gelditu zen ikuspuntu asko daudela, eta asko dagoela eztabaidatzeke, baina ikusle batek esan zuen moduan, ondorioa argia da: «Denoi bermatu beharko ligukete etxebizitza eskubidea, ordaindu dezaketenei eta ezin dutenei».


