Gatazka belikoetan bizitza arriskatu duten argazkilarien omenezko erakusketa
Groseko Okendo kultur etxean ikusgai dago Kontzientzia sortzaileak erakusketa. DKVk ekoitzi du, enpresak gizarte erantzukizunaren arloan 20 urte bete baititu. Erakusketak aitortza egin nahi die gatazka belikoetan, hondamendi naturaletan edo erregimen autarkikoetan bizitza arriskatzen duten argazkilari profesionalei.
Bilduma 40 fotokazetariren lanekin osatu du Chema Conesa komisarioak; gehienak Espainiako estatukoak dira, baina badira atzerrikoak ere, tartean, Carlos Spottorno eta Jose Cendon. Ibilbide luzea egindakoak dira fotokazetarietako batzuk, esaterako, Gervasio Sanchez, Kim Manresa, Sergi Camara eta Sandra Balcells; gazteagoak dira, aldiz, Javier Corso, Manu Brabo, Samuel Aranda, Bernat Armangue eta Lurdes Basoli. Gainera, erakusketako lanetako batzuk gure herrialdeko argazkilarienak dira, adibidez, Andoni Lubaki gipuzkoarrarenak, Clemente Bernard eta Daniel Ochoa de Olza iruindarrenak eta Fernando Moleres eta Ricky Dávila bilbotarrenak.
Ekaineko lehen astean, mahai inguru bat egingo dute hainbat fotokazetarirekin. Erakusketa, berriz, uztailaren 17ra arte egongo da ikusgai astelehenetik ostiralera (10:00-14:00 / 16:00-20:30), baita larunbatetan ere (10:00–14:00 / 16:30–20:00). Igandetan itxita.