Ostalaritzak 22:00ak arte ireki ahal izango du, eta gainontzeko neurri murriztaileak bertan behera geldituko dira
EAEko Auzitegi Nagusiak goizean hartutako erabakia onartu du Eusko Jaurlaritzak, eta larunbat gauean Espainiako Gobernuaren alarma egoera amaitzen denean, ez da mugikortasun mugarik izango, ezta etxeratze agindurik eta bilkurak lau pertsonetara mugatzeko agindurik ere.
Epaia errespetatuko zuela iragarri du Eusko Jaurlaritzak goizean, eta auzitegiaren erabakiaren ondoren bildu da Labi. Arratsaldean eman du bere erabakien berri Iñigo Urkullu lehendakariak, eta larunbatean argitaratuko duten dekretuak ezarriko dituen neurrien berri eman du.
Horrela, dekretuak ez du izango mugikortasuna mugatzeko, etxeratze agindua ezartzeko eta autonomia erkidegoa, herrialdeak eta udalerriak perimetralki ixteko neurririk ezarriko. Horregatik, Urkulluk nabarmendu du ez duela zentzurik “ostalaritzaren, joko aretoen eta kirol instalazioen gaineko neurriak mantentzea”. Hala ere, ostalaritza establezimenduek 22:00ak arte ireki ahal izango dute (20:00ak arte ireki zezaketen orain arte). Laburbilduz, Hego Euskal Herritik mugitzea libre izango da larunbateko gauerditik aurrera.
Hala ere, lehendakariak herritarrak animatu ditu 23:00etatik 6:00etara “borondatez” mugikortasuna saihestera, baita bilkurak lau pertsonetara mugatzera ere. Urkulluk azpimarratu du orain arte indarrean egon diren neurriak “funtsezkoak” izan direla koronabirusaren transmisioa gelditzeko, eta datozen hiru asteak ere oso garrantzitsuak izango direla nabarmendu du: “Alde batetik, intzidentzia jaisteko, eta, bestetik, txertaketa prozesua azkartzeko”.