Rap emanaldia egingo dute Añorgan maiatzaren 15ean
Datorren larunbatean, maiatzaren 15ean, Añorgako Antxon Aiestaran Kultur Etxean. Bizkaiko rap doinuak ekarriko dituzte Donostiara, Arrano Pertxa eta Lingu Iluna eta Laize MC musikariekin. Kontzertua 18:00etan izango da, eta sarrerak webgune honetan erosi daitezke; sarrera arruntak 8 euroko prezioa du, eta Añorgako Kultur eta Kirol Elkarteko bazkideentzat 6 eurokoa.
Arrano Pertxa eta Lingu Iluna
Urko Gonzalez eta David Rodriguez bilbotarrek osatzen dute Arrano Pertxa eta Lingu Iluna. Fenomenos de la naturaleza rap taldean ibili zen hamaika urtez Urko Gonzalez, eta gero taldea desegin zuten; beraz, bakarlari aritu zen ostean Gonzalez. David Rodriguez 2004. urtean hasi zen raparen munduan, La Bandah del Patio taldean. 2016. urtean elkartu ziren Gonzalezen eta Rodriguezen bideak, eta proiektu batzuk egin ostean, Arrano Pertxa eta Lingu Iluna sortu zuten.
Laize MC
Barakaldokoa da Laize, eta hamalau urte zituela hasi zen mundu honetan, Euskal Herriko hainbat txokotan abesten. Injustiziak salatzeko eta giza eskubideak aldarrikatzeko tresna gisa ikusten du rapa.