"Txikitatik telebistan ikusitako jendearen alboan egotea izugarria izan zen; sentitu nuen amets bat betetzea lortu nuela"
Xabier Mikel Azparrenek (Donostia, 1999) otsailaren 14an egin zuen debuta txirrindulari profesional gisa, Almeriako Klasikoan. Ordutik hona, astebeteko bi itzulitan hartu du parte, eta Valentziako Itzuliko erlojupekoan bederatzigarren postuan geratu zen. Txikitatik telebistan ikusi dituen txirrindulariekin lanean aritzeak jarraitzeko gogoa eman dio, eta gutxinaka bere lekua egin nahi du tropelean.
Almeriako Klasikoan egin zenuen debuta txirrindulari profesional gisa. Nola joan zen?
Nire lehenengo lasterketa zen, eta nahiko urduri iritsi nintzen. Hala ere, taldean garbi genuen zer egin, eta horrek asko lagundu zidan lasaitzeko.
Mikel Aristi eta Juanjo Lobato ziren liderrak, eta haientzat lan egitera joan ginen gainontzekoak. Lasterketa ia guztia tropelean pasa nuen, Aristiri eta Lobatori behar zutenean laguntzen, eta Klasikoaren amaieran mozketak lotzen ibili ginen, liderrak ahalik eta egoera hoberenean uzteko.
Hura izan zen kategoria berriarekin eduki nuen lehen kontaktua, eta oso ondo joan zen. Oso pozik amaitu nuen, baita taldeak ere, eta nolabait izotza haustea lortu nuela sentitzen dut.
Nabaritu zenuen urduritasuna?
Behin lasterketan sartuta, urduritasuna joan zitzaidan, baina aurreko gauean nabaritu nituen gehien nerbioak. Klasikoko talde guztiak hotel berean geunden, eta beti telebistan ikusitako jendearekin afaltzeak errespetua eman zidan.
Hala ere, behin tropelean egonda, errespetua izaten jarraitzen duzu, irabazi egin dutelako, baina beldurra joan egiten da.
Nola sentitu zinen beteranoen alboan?
Izugarrizko sentsazioa izan zen; amets bat betetzea lortu nuela sentitu nuen, baina hobetzen jarraitzeko gogoa ere sartzen zaizu. Motibatu egin ninduen gehienbat, azken finean, zuk dituzun helburuak bete dituen jendea baitaukazu ondoan. Lanean jartzeko gogoa sortu zitzaidan, batez ere.
Valentziako Itzulian izan zara duela gutxi. Nola sentitu zinen?
Valentziako Itzulira Italiako Settimana Coppi e Bartali lasterketara baino sasoi hobean iritsi nintzen. Izan ere, Italiako lasterketa baino lehenago altueran entrenatzen ibili nintzen, eta nekea nabaritu nuen, nahiz eta itzuli txukuna egin.
Valentzian ezberdina izan zen; Coppitik konfiantza askorekin nindoan, eta talde sendoa eraman genuen. Lehen egunean presioa kendu nuen gainetik, eta hasieratik lanean ibili nintzen. Sentipen onak izan nituen.
Gogorra iruditu zitzaizun?
Asko nabaritu nuen kategoria aldaketa, korritzeko moduagatik, batez ere. Euskal Herrian amateur mailan dauden lasterketak nahiko laburrak izaten dira, eta dauden mendateak oso azkar igotzen dira.
Profesionaletan mendatea askoz azkarrago ere ez da igotzen, baina etaparen amaieran izaten da, eta aurretik kilometro asko eta oso azkar egiten dira. Kategoria aldaketan sumatu dudan alderik handiena ordekan eramaten den erritmoa da.
Mendateak jaisteko abiadurak ere harritu ninduen. Amateur mailan onenetakoa nintzen jaisten, eta profesional mailan ondo jaisten naizen txirrindularia izaten jarraitzen dut, baina beste askorekin batera.
Bederatzigarrena izan zinen erlojupekoan, espezialista askorekin batera.
Etapa horren aurretik nire entrenatzaileak, Jorge Azanzak, zenbatgarren geratuko nintzela pentsatzen nuen galdetu zidan. Hasieran, ondo pasatzera eta gozatzera aterako nintzela esan nion. Gerora, ordea, hamargarren eta hogeigarren postuen artean geratzeko gai nintzela adierazi nion, nolako txirrindulariak zeuden ikusita.
Behin erlojupekoa hasita, hobeto ikusi nuen nire burua, eta errendimendu ona lortu nuen. Hain zuzen ere, inoiz egin dudan erlojupekorik onena izan zen. Stefan Kungengandik minutu eta gutxira geratu nintzenean konturatu nintzen maila badudala, eta, esan bezala, lanean jarraitzeko gogoa ematen dit.
Esango zenuke modalitate horretan aritzen zarela ondoen?
Bai, dudarik gabe, ondoen moldatzen naizen espezialitatea da. Hala ere, ez zait gustatzen nire burua horretan bakarrik sailkatzea. Uste dut alor guztietan ondo moldatzen naizen txirrindularia naizela, eta denborarekin astebeteko lasterketetan ondo ibili naitekeela uste dut. Batez ere, lasterketa hauek erlojupekoa izan ohi dutelako, eta bertan tartea irabazi dezakedalako.
Euskal Herrian ez zarete erlojupekoetako espezialista asko.
Egia da Euskal Herrian sekulako maila dagoela txirrindularitzan. Espainiako komunitate bakoitzean zenbat txirrindulari profesional zeuden ikusi nuen duela gutxi, eta Euskal Autonomia Erkidegoa lehena zen, alde handiarekin. Horrek asko esaten du.
Hala ere, erlojupeko espezialistarik ez da atera Jonathan Castroviejotik, eta hobetzeko tarte hori izateak asko motibatzen nau. Batez ere, txirrindularitzaren munduan zerbaitetan ona bazara, eta horretan lan egiten baduzu, etorkizun ona izan dezakezulako.
Orain zer helburu dituzu laster betetzeko?
Printzipioz Algarveko Itzulira joango naiz, Portugalera [Herenegun hasi zen itzuli hau, baina joan den astean egin genion elkarrizketa Azparreni]. Gero, ziurrenik Espainiako Txapelketetan parte hartuko dut, eta erlojupekoa oso helburu polita da. Ez dakit World Tourreko txirrindularien aurka nola ibiliko naizen, ordubetekoak izaten baitira erlojupeko hauek, eta nik ez dut inoiz halako batean parte hartu. Nire kategoriako onena izatea dut helburu.
Urte batzuen ostean, Euskadi Fundazioa Espainiako Itzulian izango da berriz ere. Harrobiko lana ondo egiten ari denaren seinale?
Bai; beti esan dut kadete, gazte eta amateur mailan indarrak jarri behar dituztela talde profesionalek. Eta harrobia lantzen ez bada, ez dugu etorkizunean txirrindularirik izango maila gorenean. Uste dut talde askok lan ona egiten dutela; guk, adibidez, bigarren taldea dugu, eta haur, kadete eta gazte mailan ere baditugu. Horrek asko laguntzen du txirrindulari onak sortzeko.
Kern Pharma talde nafarrak ere Lizarte taldea du, adibidez, eta gero eta gehiago ari dira harrobian inbertitzen. Txirrindularitzak gorakada ona izan du Euskal Herrian, eta 2010 eta 2012 urte bitartean izandakora itzultzen ari dela nabaritzen dut.
Gustatuko litzaizuke bertan izatea?
Bai, noski; badakit asko sufrituko nukeela, baina Espainiako Itzulia Espainiako Itzulia da. Hala ere, beste lasterketa garrantzitsu batzuk Espainiako Itzuliaren data berean izango dira, Portugalgo Itzulia eta Etorkizuneko Tourra, esaterako. Aurten parte hartu ahal izango dut azkeneko aldiz Etorkizuneko Tourrean, 23 urtez azpiko lasterketa baita, eta polita izango litzateke bertan egotea.
Oso gustura joango nintzateke Espainiako Itzulira, baina dauden beste bi aukerak ere oso onak iruditzen zaizkit.
Zure burua gai ikusten duzu 21 egunez zolaren gainean egoteko?
Bukatzeko, bai, baina maila ona ematea beste gauza bat da. Lehenengo astean ondo ibiliko nintzatekeela uste dut, orain arte egin dudalako, baina inoiz ez dut itzuli hain luzerik egin.
Hala ere, esan beharra dut azken aste hauetan hobeto sentitzen naizela egunez egun. Normalean egun okerrena lehenengoa izaten dut, eta gero hobera egiten dut. Ez dakit zer puntura arte mantenduko nukeen maila hori 21 eguneko lasterketa batean.
Baina uste dut noizbait izan behar da esperientzia hori lehenengoz, nahiz eta aurten, agian, goizegi izan.
Iraganera itzuliz, zein da bizikleta gainean duzun lehen oroitzapena?
Esango nuke Tourmaleta igotzen izan zela, Frantziako Tourra ikustera joan nintzenean. Autoa Banhèras de Bigòrran (Okzitania) utzi genuen, eta bizpahiru ordu behar izan nituen mendatea igotzeko, lauzpabost aldiz geldituz.
Txikia zinen?
Bai, nahiko txikia nintzen, baina nik berandu ikasi nuen bizikletaz ibiltzen. Arraroa da, baina 8 edo 9 urterekin ikasi nuen.
Beste kirolik egin duzu, ala beti txirrindularitzan aritu zara?
Denetik probatu dut. Hockeyan ibili nintzen, futbolean ere bai, mundu guztia bezala, eta igeriketa eta judoa ere probatu ditut; hori bai, horietan guztietan oso txarra nintzen.
Badago kirol askotan ondo moldatzen den jendea, baina ni ez naiz horietakoa. Txirrindularitza aurkitu nuen eta ona naiz, hankek mugimendu ziklikoa egiten dutelako. Korrika ere moldatzen naiz, baina hortik kanpo zorabiatutako ahate bat dirudit.
Noiz pasa zinen txirrindularitza denbora-pasa gisa izatetik gauza serioago hartzera?
Amateur mailako lehenengo urtean hartu nuen txirrindularitza serioago. Kadete mailako bigarren urtean Espainiako Txapelketa irabazi nuen eta konturatu nintzen ondo moldatzen nintzela, baina amateur mailan aldatu zen kontua.
Gazte mailatik amateurretara pasatzea sekulako jauzia iruditu zitzaidan, eta bertigoa eman zidan. Orduan hasi nintzen prestatzaile batekin serioago entrenatzen, gaur arte. Oraindik ikasten jarraitzen dut egunero, eta gauza asko ditut hobetzeko.
Zein txirrindulari izan dituzu erreferente gaztetan?
Txikitan Fabian Cancellara zen nire txirrindulari gogokoena, baita Tom Boonen ere. Euskal Herrian, Markel Irizar eta Haimar Zubeldia.
Txirrindulari azkarrak lehen biak.
Txikitan gehiago gustatzen zitzaizkidan halako txirrindulariak, baina orain itzuli handietakoei erreparatzen diet gehiago. Gaur egun, adibidez, Landa, Roglic eta antzeko txirrindulariak gustatzen zaizkit, batez ere.
Zure adinaren bueltan daudenak jarraitzen dituzu?
Bai; gainera, Pogacar-ekin eta Almeidarekin bi anekdota ditut. Gazte mailan nire lehenengo Europako Txapelketan elkarrekin iritsi ginen Pogacar eta biok, 77. eta 78. postuetan, lehenengotik hamabost minutura.
Almeidarekin, bestalde, amateur mailan izan nintzen lehen Munduko Txapelketan kointziditu nuen, eta irabazi egin niola gogoratzen dut.
Biek izugarrizko jauzia eman dute azken urteetan, eta erreferente dira. Gainera nolabaiteko pikea sortzen da. Txirrindulari euskalduna orokorrean nahiko berantiarra izaten da, eta horregatik ez dut presarik. Haiek goizago hasten dira lasterketa gogorretan parte hartzen. Erreferente badira, baina ez dira niretzat eredu, lan egiteko modu ezberdina baitugu.
Enekoitz zure anaia ere bere bidea egiten ari da txirrindularitzan. Gustatuko litzaizuke noizbait bere ondoan aritzea?
Orain arte ez gara inoiz elkarrekin ibili kategoria berean, nik baino hiru urte gutxiago baititu. Aurten, izatez, kategoria berean gaude, baina nik profesionaletara egin dut salto. Gustatuko litzaidake talde berean izatea eta lasterketa batean elkarrekin parte hartzea. Euskaltelen gertatzea gustatuko litzaidake, etxeko taldea delako, baina berdin zait beste batean gertatzen bada.
Zein da zure ametsa txirrindularitzaren munduan?
Badut lasterketa bat begiz jota, nahiz eta nire estiloagatik ez zaidan hain ondo etortzen: Donostiako Klasikoa. Aurten Klasikoa egiten badut, uste dut Peio Ruiz Cabestany erretiratu zenetik lasterketa hau egiten duen lehen donostiarra izango naizela. Donostiar gisa ohorea izango zen Klasikoa irabaztea. Eta kirolari moduan, Olinpiar Jokoak irabaztea sekulakoa izango litzateke. Lau urtez urrez jantzita ibiltzeak ikaragarria izan behar du.
Euskal ziklismoak izen ona du nazioartean. Oinarrizko kategorietan lan ona egiten denaren seinale?
Uste dut Euskal Herrian dugun orografiak asko laguntzen duela, baita dugun kultura ziklistak ere. Amateur mailan, adibidez, lasterketa mordoa daude. Agian ez dira kalitatez onenak, baina asko daude.
Valentziako Itzulian Luis Angel Materekin izan nintzen hoteleko gelan, eta esan zidan bera gaztea zenean astebururo etortzen zela Marbellatik Euskal Herrira lasterketak egitera. Honek World Tourreko taldeetako zuzendari asko ere euskaldunak izatea eragiten du.
Euskal zaleek ere izen ona dute. Nabaritu duzu maila ez profesionalean?
Ez dut inoiz ahaztuko joan den urteko Balentziagaren Oroimenezkoa. Arrate gainean amaitu zen lehenengoz, eta sekulako jende korridorea egin zuten. Profesionaletan daramadan denbora urrian oraindik ez dut ikusi halakorik.
Haien indarra sentitzeko gogoz zaude?
Aurtengo Euskal Herriko Itzuliko etapa guztiak ikusi ditut, eta sekulako inbidia pasa nuen. Gogoa daukat Euskal Herrian debutatzeko; lehenengo aukera Ordizian daukadala uste dut, eta berezia izango zen bertan aritzea. Izan ere, Goierriko taldean urte asko eman nituen, eta jende askok ezagutzen nau hor.
Hurrengo aukera Donostiako Klasikoa izango litzateke, eta kuadrillakoak bertan ikuste hutsa izugarria izango litzateke.