Uliako hobi komunean esku hartzeko eskatu dio Elkarrekin Donostiak Eusko Jaurlaritzari
Elkarrekin Donostiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio 2015-2020ko hobien plana betetzeko eta 36ko gerraren garaiko Uliako hobi komunean esku hartzeko. Izan ere, Aranzadi elkarteak 2003. urtean egin zuen ikerketa batean adierazi zuen Ulian gerra garaiko hobi komun bat dagoela. Uliako hobi hau 2015-2020 planaren barruan dago, eta oraindik ez dira ikertzen hasi.
Haizea Garayk, Elkarrekin Donostiako zinegotziak, adierazi du lotsagarria dela Aranzadiren ikerketatik hemezortzi urtera “horrela egotea”. Bestalde, koalizio ezkertiarrak adierazi du instituzio publikoak oso gutxi ari direla inplikatzen memoria historikoaren esparruan, eta esku hartze hau egitea eskatzeaz gain, etorkizuneko Euskal Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen tramitazioa azkartzea eskatu du.
Donostiako hobi komunetan 300 gorpu inguru aurkitu dituzte orain arte, nahiz eta zifra hau altuagoa izan daitekeen. Ondarretan, Bidebietan eta Burdinezko Zubian aurkitu dituzte gorpu gehienak.