Alarma egoeraren azken eguna
Gauerdian geldituko da bertan behera alarma egoera, eta, ordutik aurrera, Donostiatik ateratzea, gauez mugitzea eta pertsona kopuru mugaturik gabeko bilkurak egitea libre izango da.
Iazko azaroaren 9tik indarrean dagoen alarma egoerak bere azken orduak egingo ditu gaur, Espainiako Gobernuak bertan behera utziko baitu gauerdian. Horrela, eta Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiaren erabakia onartu ondoren, 00:00etatik aurrera ez da mugikortasun mugarik izango, ezta etxeratze agindurik ere. Hala ere, Jaurlaritzak gaur argitaratuko duen dekretuak hainbat neurri ezarriko ditu, tartean ostalaritzak 22:00etan itxi beharko du atea.
Hori dela eta, gaur 22:00etan etxean egon beharko dute herritarrek, baina gauerdian alarma egoera bertan behera geldituko denez, 00:00etatik aurrera legala izango da kalera ateratzea.
Gauzak horrela, atzo Labiak adostutako neurrien arabera, zer egin daiteke eta zer ez gauerditik aurrera?
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna libre izango da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan ahal izango da.
- Posible izango da edozein ordutan kalean egotea. Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo eskatu zuen norberak bere mugikortasuna 23:00etatik 6:00etara mugatzeko, “borondatez”.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe, bi salbuespenekin: ostalaritza establezimenduetan, gehienez lau pertsona elkartu ahalko dira mahai bakoitzean. Bestalde, kirola 6 pertsonako taldeetan egin ahalko da gehienez. Hala ere, Urkulluk atzo eskatu zuen bilkuran lau lagunetara mugatzeko.
- 22:00etan ostalaritza establezimenduak itxi beharko dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Merkataritzan, 150 metro koadro baino gehiagoko establezimenduetan gehienezko edukiera %40 izango da, eta 150 metro koadrotik beherakoetan %60. Azoka txikietan, baimendutako postuen %50 jarri ahal izango dira.
- Elkarte gastronomikoak, lonjak eta gazteen lokalak itxita egongo dira.
- Ostalaritzan, barrualdeko edukiera %50era mugatuta egongo da. Debekatuta egongo da barran edo zutik kontsumitzea, eta, mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona egon ahal izango dira. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, jateko edo edateko unean izan ezik.
- Gaueko aisialdiko establezimendu eta lokal guztiak itxita egongo dira oraindik.
- Joko aretoek 22:00etan itxi beharko dute, eta edukiera %50era mugatu beharko dute.
- Kultu guneetan edukiera %35era mugatuko dute. Beila eta ehorzketetan, aire zabalean, 30 pertsona egon ahalko dira gehienez; eta, leku itxietan, sei pertsona gehienez.
- Musika eta kantu jardueretan Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren gidalerroak betetzen dituen protokoloak egin beharko dituzte.
- Kirol instalazioen edukiera %50era mugatuko dute, eta aldagelena %35era. Ez da ikuslerik egongo kirol ekitaldietan
- Kirola aire zabalean edo barnealdean egiteko, gehienez sei pertsona elkartu ahalko dira. Eskola kirolaren entrenamenduan ezingo dira aldagelak erabili. Maskara derrigorrez erabili behar da, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisikoetan izan ezik.