Bera Berak liga irabazi du
Bera Bera eskubaloi talde donostiarra ez da irabazteaz nekatzen, eta bere zazpigarren liga irabazi du gaur Gaskan. Puntu bat eskuratzea nahikoa zuen txapeldun izateko, baina Imanol Alvarezen neskak ez dira horrekin konformatu, eta erraz irabazi diote Elxeri: 30-20. Klubaren zazpigarren liga eta hogeigarren titulua da gaur irabazitakoa. Azken bederatzi urteetan irabazi dituzte zazpi ligak.
Atsedenaldia heltzerako, donostiarrek bideratuta zuten partida, 17-8 irabazten ari baitzen ordurako. Bigarren zatian ere ez da ezustekorik izan, eta Alvarezen neskak nagusi izan dira norgehiagoka guztian zehar. Cardosok zortzi gol sartu ditu, Fernandesek sei, Hernandezek lau eta Pizzok hiru. Azken minutuetan, Bera Berako talde teknikoa xanpain botilak prestatzen hasi dira, argi ikusten baitzuten liga irabazita zutela, eta hala izan da. Era berean, aulkian zeuden jokalariek San Sebastian martxa abestu dute partida amaitu aurretik, liga ospatzen hasita. Epaileak norgehiagokari amaiera eman dioenean, pozaren pozez ospatu dute jokalariek zazpigarren liga.