Dozenaka donostiar Oriamendira igo dira, euskal presoen eskubideen alde
Sare herritarrak aurrera jarraitzen du Izan Bidea dinamikarekin, eta ehunka herritarrek Euskal Herriko 650 tontor igo dituzte gaur, euskal presoen eskubideen alde. Donostian, Oriamendin egin dute jarduera nagusia, eta dozenaka herritar igo dira hara, presoen auzirako konponbide bat nahi dutela aldarrikatzeko.
Goizeko lehenenego orduan, eta eguraldi ona aprobetxatuz, hiru herritar zutabe atera dira Oriamendira bidean. Amarakoak, Amara Berrikoak, Loiolakoak, Txomiñenekoak eta Martutenekoak Anoetatik abiatu dira, Egiatik, Grosekoak eta Parte Zaharrekoak Koldo Mitxelenatik eta Añorgakoak, Ibaetakoak eta Antiguakoak Hesperia hoteletik. Intxaurrondoko, Altzako, Herrerako eta Bidebietakoak, Oriamendira igo beharrean, Uliara igo dira eta Igeldokoak Mendizorrotzera.
Oriamendin, herritarrak tontorreko ikurriñeraino igo dira, eta argazki herrikoia egin dute ondoko larrean. Ondoren, Gurutz Sanzberro Sareko kideak hartu du hitza, eta euskal presoen auzia konpontzeko garaia dela aldarrikatu du: “Konpon-bidea. Preso eta iheslarien etxerako bidea. Elkarbizitzarako eta bakerako bidea. Horixe da urratsez urrats gaurkoan hemen bildu garenok egin dugun bidea. Izan ere, azken urteetan argi erakutsi dugunez, herritarrok preso eta iheslarien auzia behin betikoz konpontzeko nahia dugu. Hasteko, bidegabea delako egun oraindik indarrean den ezohiko espetxe politika hau”. Salbuespenezko espetxe politikarengatik izango ez balitz, presoen egoera oso bestelakoa izango litzatekeela azpimarratu du: “Larriki gaixo dauden presoek eta zigorraren hiru laurdenak beteta dutenek jada etxean behar lukete eta graduen progresio naturala dela medio, presoen gehiengoa hirugarren graduan litzateke”.
Bide horren lehenengo urratsak ematen hasi direla aitortu dute: “Euskal presoen gerturatzea ematen hasia da; urruntze politikarekin amaitzeko oraindik ere mugimendu sendorik egin ez arren, tantaka-tantaka distantzia laburtzen hasiak gara. Graduen progresioari dagokionez ere, oso gutxinaka bada ere, ate berriak zabaltzen hasi dira. Argi dugu aldaketa hauek ez direla nahikoa, baina bide berriak zabaltzeko baliatu behar ditugu”. Horrela, konponbiderako bidea egiten jarraitzeko, herritarren laguntza behar dutela azpimarratu du Sarekoak: “Herritar guztiei helarazi nahi diegu deia, auzolan handi honetan parte har dezaten. Gaur mendian batu gara. Bihar herrian. Eta datozen hilabeteetan, Izan Bidea dinamikaren baitan deituko diren dozenaka dinamiketan. Segi dezagun bidean, tontorreraino!”.