Alarma egoera etenda, jendea kalera atera da

Iazko azaroaren 9tik indarrean dagoen alarma egoera bertan behera gelditu zen larunbatetik iganderako gauerdian, eta, hori dela eta, dagoeneko ez dago mugikortasun mugarik, ezta etxeratze agindurik ere. Larunbatean donostiarrak 22:00etan etxera joan ziren, baina gauerdia iristean, herritar asko kalera atera ziren, aspaldiko partez gaueko giroaz gozatzera eta paseo bat ematera, gau giro ederra zegoen eta.
Izan zen, ordea, mugarik gabe jokatu zuenik ere. Donostiako Udaltzaingoak hogei eskuhartze egin zituen kaleko edanagatik, bederatzi etxeetan festak egiteagatik, hiru eskuhartze kalean edanda botata zeuden hainbat pertsonarekin, eskuhartze bat pertsonen arteko borrokagatik, eta bi trafiko istripu arin ere izan ziren. Horietako batean istripua izan zuen pertsona atxilotua izan zen osasun publikoaren aurkako delituagatik, eta eskuhartze bana egin zuten ordutik kanpo irekita zegoen ostalaritza establezimendu batean eta lokal batean. Zurriola hondartzan desagertua zegoen pertsona bat aurkitzeko operatiboa egin zuten gaueko hamarretatik aurrera –Itsas Salbamenduko helikopteroak parte hartu zuen–, eta pertsona hori 06:00ak aldera agertu zen bere etxean.
Atzo eguraldi okerragoa izan bazen ere, jendea kalera atera zen, eta izan zen inguruko herrietara joan zen donostiarrik ere.
Zein neurri daude indarrean?
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna libre izango da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan ahal izango da.
- Posible izango da edozein ordutan kalean egotea. Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo eskatu zuen norberak bere mugikortasuna 23:00etatik 6:00etara mugatzeko, “borondatez”.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe, bi salbuespenekin: ostalaritza establezimenduetan, gehienez lau pertsona elkartu ahalko dira mahai bakoitzean. Bestalde, kirola 6 pertsonako taldeetan egin ahalko da gehienez. Hala ere, Urkulluk atzo eskatu zuen bilkuran lau lagunetara mugatzeko.
- 22:00etan ostalaritza establezimenduak itxi beharko dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Merkataritzan, 150 metro koadro baino gehiagoko establezimenduetan gehienezko edukiera %40 izango da, eta 150 metro koadrotik beherakoetan %60. Azoka txikietan, baimendutako postuen %50 jarri ahal izango dira.
- Elkarte gastronomikoak, lonjak eta gazteen lokalak itxita egongo dira.
- Ostalaritzan, barrualdeko edukiera %50era mugatuta egongo da. Debekatuta egongo da barran edo zutik kontsumitzea, eta, mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona egon ahal izango dira. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, jateko edo edateko unean izan ezik.
- Gaueko aisialdiko establezimendu eta lokal guztiak itxita egongo dira oraindik.
- Joko aretoek 22:00etan itxi beharko dute, eta edukiera %50era mugatu beharko dute.
- Kultu guneetan edukiera %35era mugatuko dute. Beila eta ehorzketetan, aire zabalean, 30 pertsona egon ahalko dira gehienez; eta, leku itxietan, sei pertsona gehienez.
- Musika eta kantu jardueretan Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren gidalerroak betetzen dituen protokoloak egin beharko dituzte.
- Kirol instalazioen edukiera %50era mugatuko dute, eta aldagelena %35era. Ez da ikuslerik egongo kirol ekitaldietan
- Kirola aire zabalean edo barnealdean egiteko, gehienez sei pertsona elkartu ahalko dira. Eskola kirolaren entrenamenduan ezingo dira aldagelak erabili. Maskara derrigorrez erabili behar da, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisikoetan izan ezik.