PPk salatu du auto gidariak "harrapatzeko" ezkutuko radar mugikorrak erabiltzen direla
Donostiako Udaleko Mugikortasun agenteen jokabidea kritikatu du PPko bozeramaile Borja Corominasek. Radar mugikorren bidez auto gidariak “harrapatzen” saiatzen direla adierazi du, eta asko direla kexatu diren donostiarrak.
“Mugikortasun agenteek leku estrategikoak bilatzen dituzte gidariek ikus ez ditzaten, eta araua urratzen dutenak harrapatzeko”, esan du Corominasek. Horrekin batera, salatu du udalaren helburua “dirua biltzea” dela, “donostiarren kontura”.
Hori dela eta, interpelazio bat aurkeztu dute hilaren 17ko batzordeetan gaiari buruz hitz egiteko. “Zeintzuk dira arrazoiak radarrak jartzeko leku horiek aukeratzea? Eta zein helbururekin instalatzen dira?”, adierazi du Corominasek.