Udal Artxiboaren instalazio berriak estreinatu dituzte
Gaur goizean estreinatu dituzte Udal Artxiboaren instalazio berriak: 1.878 metro karratuko espazio honetan 115.916 dokumentu historiko daude. Egiako Blas de Otero plazan dago artxibategia, Atotxa dorrearen ondoan, eta Eneko Goia alkatea eta Juan Ramon Viles Gobernantzako zinegotzia eraikin berria bisitatzen egon dira.
Alkateak adierazi duenaren arabera, 1292. urtetik aurrerako dokumentuak daude Udal Artxiboaren eraikin berrian, eta historiak eta teknologia modernoek “bat egin” dutela gehitu du: “Dokumentu historiko hauek baldintza onenetan gordetzeko aukera ematen du”.
Hainbat motako dokumentuak dituzte artxibategian: pergaminoak, udal aktak, gutunak, errolden erregistroak eta liburu zaharrak, esaterako. Gureak enpresa arduratu da dokumentu eta agiri guztiak Udal Artxiboaren egoitza berrira eramateaz.
Dokumentuen biltegi berriak 1.000 metro karratu inguru ditu, eta aireztapena, tenperatura eta higienea kontrolatzeko sistema berria jarri dute; esaterako, surik piztu ezkero, oxigenoa murrizteko sistema.
Hainbat modutan ikusi ahalko dira artxiboko dokumentu eta agiri zaharrak. Horretarako, hainbat ordenagailu dituen kontsulta gunea sortu dute, artxiboa online begiratzeko. Bestalde, kontsulta gela bat ere sortu dute, hamabost mahai eta hiru ordenagailurekin.
Artxiboko kontsulta datuak
2020. urtean Udal Artxiboan 3.543 kontsulta egin ziren guztira; horien %58a administratiboak izan ziren, eta %42, berriz, historikoak. Bestalde, 418 barne mailegu egin ziren, eta 72 kontsulta egin ziren Udalinfo Estatistikak-en bidez.
Udal Artxiboa 09:00etatik 14:00etara egongo da herritarrentzat irekita, eta aurrez ordua eskatu beharko da.