Bigarren galdeketa bat egingo dute Tejeria eta San Kristobal kaleetako esperientzia baloratzeko
Egiako Tejeria eta San Kristobal kaleak oinezkoentzako izan ziren apirilaren 12tik 25era, eta esperimentuak askotariko iritziak azaleratu zituen. Bi asteko esperientzia hori baloratzeko galdetegi bat zabaldu zuten sustatzaileek (Egia Bizirik auzo elkartea, Donostiako Udala eta EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoa) esperientzia bukatu eta berehala. Orain, beste galdeketa bat zabaldu dute Juntura eta Kalean Bizi elkarteek.
“Azterlan honen helburua ez da kale horiek oinezko izan behar duten ala ez erabakitzea, hainbat ikuspuntutatik auzoak dituen mugikortasun arazoren inguruan hausnartzea baizik”, nabarmendu dute antolatzaileek. Era berean, azpimarratu dute ahalik eta herritar gehienek parte hartzea nahi dutela, balorazio zabala egin ahal izateko. Galdetegia betetzeko, helbide honetan klikatu behar da, eta azaltzen diren galderak erantzun.