Cementos Rezolako langileek enplegu duina aldarrikatu dute
Duela urte eta erdi eratu zen Cementos Rezola enpresako zuzendaritzaren eta langileen arteko negoziaketa mahaia, hitzarmen berria hitzartzeko. Denbora honetan zuzendaritzaren borondatea “eskasa” izan dela salatu dute langileek, hitzarmen berriaz “hitz egin ere ez dutelako nahi”. Hau dela eta, langileek egindako “presioen ondorioz”, enpresa berriro negoziatzera eseri zen duela hiru hilabete. Hala ere, denbora honetan edukitako elkarrizketak ez direla emankorrak izan adierazi dute.
Bestalde, enpresaren zuzendaritzak hainbat langile hitzarmenetik kanpo uzteko planteamendua mahaigaineratu zuela adierazi du LABek.
Gaur egun indarrean dagoen hitzarmenak enplegu duina bermatzen ez duela adierazi dute, eta ondorengoak jo dituzte arazo nagusitzat: lehenik eta behin, lantegia salduko dutela dioten zurrumurruak daude; eta, azkenik, azpikontratatutako eta aldi baterako dauden langileen kopurua etengabe handitzen ari da.
Hau dela eta, Cementos Rezola lantegiaren kanpoan elkartu da langileen batzordearen gehiengoa, zuzendaritzaren “jarrera itxia” salatzeko. Bestalde, datorren astean ere elkarretaratze hauekin jarraituko dutela adierazi dute.