Donostia "30 hiria" izango da gaurtik aurrera

Gaurtik aurrera Donostia “30 hiria” izango dela adierazi du Donostiako Udalak, hau da, hirigunean gehienezko abiadura orduko 30 kilometrokoa izango da. Helburua da bideen abiadura mugatuz hirietan gertatzen diren ezbeharren kopurua murriztea. Nolanahi ere, zenbait salbuespen izango ditu arau berriak. Urbieta kalean, esaterako, orduko 40 kilometroko abiadura hartu ahal izango da gehienez, eta Pasealeku Berrian 20 kilometrokoa izango da. Abiadura 40ra handitzea garraio publikoaren jarioa hobetzeko egin dute. Dbus eta Lurraldebusekin lanean aritu dira leku batzuetako abiadurak adosteko.
Hiriko sarrera eta irteeretan orduko 50 kilometroko abiadura hartu ahal izango da, baina eskolak gertu dauden eremuetan jaitsi egingo da abiadura. Hala ere, antzeko beste kasu batzuetan ez da murrizketa hau egin, Amara Berri eta Usandizaga ikastetxeen ondoan adibidez.
Udalaren webgunean ikus daiteke Donostiako errepide guztien mapa, eta kolorez bereiztu dituzte kaleen zatiak. Horrez gain, araua urratzeagatik ezarriko dituzten zigorren berri eman dute. 100 eta 600 euro arteko isunak jarriko dituzte, eta gehienez sei puntu kenduko diote neurria errespetatzen ez duenari. Radar mugikorren kokapenak publikoak izaten jarraituko dutela adierazi du udalak.