Palestinaren aldeko mobilizazioa egingo dute larunbatean
Palestina: 73 urteko okupazio eta erbestea izenpean mobilizazioa egingo dute larunbat honetan, Palestinako arabiarren kanporaketa edo Al Nakba salatzeko. Manifestazioa Bulebarretik hasiko da larunbatean, 12:00etan. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Israelgo Estatua sortzeko, Palestinan bizi ziren arabiarrak kanporatzeari ekin zioten, eta kalkuluen arabera 800.000 arabiar inguru kanporatu zituzten. Gaur egun, haien lurretatik kanpo bizi diren Palestinako arabiarren kopurua 7.000.000 pertsona ingurukoa da.
Azken erasoak
Azken egunetan Israelek hainbatetan erasotu ditu palestinarrak Gazan eta Jerusalenen. Ramadam hilabetea amaitzear da, eta ekialdeko Jerusalengo Al Aqsa mezkitara milaka pertsona joan dira egunero. Tentsioak gora egin du hilabete osoan zehar, eta atzo liskarrak egon ziren palestinarren eta poliziaren artean; 300 zauritutik gora egon ziren, eta 200 pertsona baino gehiago eraman behar izan zituzten ospitalera.
Atzo, bestalde, Jerusalenen Eguna ospatu zuten sionistek; egun honek 1967an Israelgo Estatuak eskuratu zituen lurren hartzea gogoratzen du. Milaka sionista Erosten harresian zeuden eguna ospatzen, eta Al Aqsa mezkitan, harresitik gertu, sutea piztu zen, eta sionistak ospatzen hasi ziren.
Gazan ere tentsioak gora egin zuen atzo, eta gauez Israelek “150 helburu militante” bonbardatu zituen, gutxienez 24 pertsona akatuz, Hamasek lehenago jaurtitako zazpi suziriri erantzuteko.