Sai beltz batek Donostia bisitatu du, lehenengo aldiz
“Ezusteko ederra” izan zuen Itsas Enara Ornitologia Elkarteko Xabier Saralegik larunbat goizean, hegaztiak behatzen ari zela, sai beltz bat ikusi baitzuen Antondegi gainaren inguruan. Saralegik azaldu duenez, Parada baserriaren inguruan ikusi zuen, bat-batean: “Gartziategiko aldapatik agertu zen, hegan, lurretik bost metrora. Parada eta Antondegi baserrien artean buelta batzuk eman, eta Txoritokieta aldera jo zuen” Dioenez, baliteke sai beltza hildako animalia baten gorpuak erakarri izana: “Antza denez, Parada eta Gartziategi arteko maldan animalia baten gorpua egon da, eta horrek sai ugari erakarri ditu”.
Itsas Enarakoak nabarmendu du sai beltza Donostian behatu den lehen aldia dela: “Gipuzkoan ere oso gutxitan ikusten da, are gutxiago hain gertutik argazkia ateratzeko moduan. Hortaz, behaketak berezko garrantzia du”. Saia eraztunduna zen, eta eraztuneko datuei esker, ornitologoek jakin ahal izan dute saia Madrilgo Guadarrama mendilerrotik etorritakoa zela; “zehazki, Rascafria herrian eraztundu zuten 2020. urtean”, gaineratu du Saralegik.
Sai beltza “oso urria” dela azpimarratu du Itsas Enarakoak, eta gogoratu du Espainiako Estatuko Hegaztien Liburuan sartuta dagoela, mehatxatutako espezie gisa. Behaketa honek “Antondegi gainaren balio ekologikoa berretsi” egiten duela nabarmendu du Saralegik.
Beltzaren aurretik, arrea
Denbora gutxian Donostian behatutako bigarren saia da Antondegiko sai beltza, apirilean sai arre bikote batek hiriko itsaslabar batean habia egin duela ikusi baitzuten Itsas Enarakoek. Behaketa garrantzitsua izan zen hori ere, espezieak Donostian kumatzen duen lehenengo aldia baita. Horrez gain, Antondegin hegazti espezie ugari ikusi izan dituzte ornitologoek, besteak beste, miru beltzak, urre txoriak, urre-txirriak, elano urdina eta miru gorria.