Buruz buruko txapelketako bi partida Donostian jokatuko dira
2021. urteko buruz buruko txapelketa aurkeztu dute gaur Kursaalen. Txapelketako hamabi pilotarik aurkeztu dute txapelketa Zurriola hondartzaren parean, Baikoko seik eta ASPEko seik, eta partidak noiz eta non jokatuko diren ere azaleratu dute.
Donostian bi partida jokatuko dira; zehazki, B eta C taldeetako final laurdenak; maiatzaren 22an jokatuko dira bi partidak. Ezkurdiak eta Peña II.ak B taldeko final zortzirena jokatuko dute Azkoitian, maiatzaren 14an, eta partida hori irabazten duena Altuna III.aren aurka aritu beharko da Donostian. C taldean, berriz, Zabaleta eta Arteaga II.a elkarren aurka arituko dira Iruñean maiatzaren 15ean, eta partida hori irabazten duena Darioren aurka arituko da Donostian jokatuko den final laurdenean.
Ondoren, finalerdiak Iruñean eta Bilbon jokatuko dira; 3. eta 4. postua erabakitzeko partida Irunen jokatuko da, eta final handia, berriz, Bilbon izango da ekainaren 13an.